Askok idatzi dute euskarari buruz: Tito-Liviok, Pliniok, Estrabonek, Aymeric Picaudek, Raw Al-Mitarek, Arnold von Harffek, Lancrek…. Ez beti modu gozoan. Eta hori atzerantz joanda.
Gehiago gara mintzatu eta idazten dugunak geure herriaz, geure biziaz, eta euskaraz bizi eta idatzi nahi dugunak. Eta gehiago izan dira. Gehienek - horretarako bezain aberats ez zirelako, zentsura zegoelako…- idatzi arren ez dute argitaratu ahal izan bostehun urtez. Horien artean emakumezko askok.
Eta gure beste herrikide batzuei utzi izan zaizkie ahots eta kantu eta bertso eta idatziak: Jose Migel Barandiarani, Azkueri, Aita Donostiari, Mayi Ariztiari, Carricabururi, Maitena Salaberriri…
Gaur, XXI. mendean idazten adi diren zazpiehun emakumezko baino gehiagoren lanak irakur daitezke, eta beste honenbeste gizonezko edo gehiagorenak. Irakurle bila gabiltza. Bestela ere ehunka euskaldun ari da bertsotan, kantuan, antzerki egiten… Izan ere, euskarak aurrera egin du gure herria sortzailea delako, eta sortzaileok geure ahotsak erabiltzen ditugu zuen guztion hitzak zabaltzeko, hedatzeko, berritzeko…
Baina ez genuke kanpoko begirale horiengatik sortu nahi: zuentzat ari gara, zuekin ari gara… Euskal Herria jaso dugun altxorra da, biltzen gaituen altzoa, eta euskara xuxurlaka edota irrintzika geure bihotzak laztantzen dituen haizea gozoa.
Abenduaren 3a euskara eta Ikastolaren eguna da. Zorionak Ikastolako euskaldun eta euskaltzale guztioi asko hitz egingo da toki guztietan euskarari buruz. Euskararen eta Ikastolaren eguna da eta guk jai hartuko dugu, euskaldun garela ospatzeko, euskarazko hezkuntza maite dugulako.
Abenduaren 3an asko hitz egingo da euskarari buruz. Beste 364ak euskaraz bizitzekoak dira. Bizi euskaraz!