3- BATXILERGOAN ERE JARRAIPENA: ALKARTASUNA LIZEOA ETA BERE FINKAMENDUA (1969-1974)
Aurreko atalean Ikastolaren sorrera eta lehen mailetako finkamendua ikusita, orain Irakaskuntza Ertainetan ere (Batxilergoan bederen) Ikastolak jarraipena izan zezan egiten hasitako bidean emandako lehen urratsak ikusiko ditugu. Atal honetan, ideiaren sorreraz, garapenaz eta izandako arazoez arituko naiz...
3.1. MAILA ETA LEKU BERRI BILA
1967tik aurrera, etorkizunaz kezkatzen hasi ziren gurasoak eta bereziki Zuzendaritza Batzordea. Batxilergoa 10 urterekin hasten zen orduan eta herriotan ez zegoen Instituturik. Donostian zegoen bakarra eta gainerako eskola eta akademietatik ere, hara joaten ziren libretik azterketak egitera. Bestalde, Lanbide Heziketako ikasketak egiten ziren 14 urtetik aurrera Goierriko Lanbide Eskolan. Zer gertatu behar zuen Ikastolako ikasleekin? Espainiera ere ikasten zuten Ikastolan, baina kezka sortzen zuena, mailaren arazoa zen. Ea Ikastolan ikasitako umeek zer egingo zuten espainiera hutsez instrukzioa eskatzen zen eskemen barruan.
Horretan, Beasainen bertan, gaur egun Txindoki Institutuaren proiektua 1966an egin zen eta ikastetxea eraiki ondoren, 1968-69 Ikasturtean hasi ziren Batxilerreko eskolak ikasleei bertan ematen eta ondorioz azterketak egiten (artean ez maila guztietan).
Giroan nabaria zen kezkari erantzuna emateko, Ikastolan bertan prestatu eta ikasleak libretik azterketak egitera Donostiara eramatea jarri zen helburutzat (maila anitzetakoak) eta geroak arrazoi eman zuen: Ikastola-arloan ikasitako ikasleek, libretik azterketak egitera joan eta beste edozein Batxilergo Ikastetxetako ikasleek bezain emaitza onak eskuratu zituzten. Baina, hobe urratsez urrats aurrera egitea.
Garai hartan, zurrumurru berri bat sortu zen, alegia, Espainiako Gobernazio Ministerioa, gaurko Barne Ministerioaren parekidea, 1936ko gerra zibil garaian konfiskatutako eraikinak “jaregiteko” edo “itzultzeko” prest omen zatekeela, irakaskuntzarako erabiltzeko izatekotan. Beasainen, 1936ko eraikinik onenetakoa zeukan konfiskatua: EAJ-k Batzokia zeukan Goierriko Alkartasuna S. A.ren eraikina. Eraikin hori ofizialki, Goierriko Alkartasuna S. A. izeneko erakundearena zen eta akziodun gehienak abertzaleak ziren. Herriko Kale Nagusiko 23 zk.an kokatua zen eta hiru oin eta frontoi itxia zeuzkan22. Giro hartan, opari handiegia irizten zioten Beasaingo euskaltzale zaharrek, baina tira.
Berehala, akzio-jabe zen talde handi batekin harremanetan jarri ziren Ikastolako Batzordekoak, jabegoa berenganatu eta Ikastolari urte jakin batzuetarako ematea lor ote zitekeen ikusteko. Erantzuna, ia aho batez baiezkoa izan zen, Ikastolaren lana agerian zegoen-eta. Umeei kalean euskaraz entzuten zitzaien jolas egiten eta hizketan, jada azken 30 urtetan Beasainen ohikoa izan ez zena!
Abokatu bat izendatu zen Madrilen beharrezkoak ziren izapideak burutzeko eta agiriak Gobernazio Ministerioan aurkeztu zituenean, Ministerioak, Gobernu Zibilaren bitartez Herriko Udalarekin egiaztatzea erabaki zuen. Orduko Udalak emandako erantzun osorik ez jakin arren, beretzat eskatzen zuen nonbait aprobetxamendu hori, Eskola Publikoetako ikasleentzat ikasgela-falta zuela adieraziz. Funtsean, Ikastolakoek egindako kudeaketekin beste batzuk aprobetxatu nahi izan zuten aukera eta etxe horretan ikasketa formalik eman ez bazen ere, gimnasia eta gisakoak emateko frontoia bereziki ondo erabilia izan zen, Ikastola eta jabe ziren akziodunak aho bete hortzekin utzita. Alkartasuna Lizeoa izentzat ezartzeko pentsamendua ere erabili zen, lehengo erakundearen ohoretan eta orduan ezinezkoa gertatu arren, gero errealitate bilakatu zen. Horra hor beraz, izenaren zergatia.
Muturreko batzuk gorabehera, bila jarraitu beharra zegoen eta hara non 1967. urtean, Karmeldar Lekaimeek, –lehengo Abariaren etxe zaharberrituan ikastetxea zeukatenak eta Batxilergoa irakasten ari zirenak– ikastetxea itxi eta alde egin zuten. Orduko 14 milioi pta. eskatzen zituztela esaten zen. Ikastolarentzat ametsezko dirutza zen hori, urteko aurrekontua ere ezin estalirik zebilen-eta. Donostiara bisita pare bat egin ziren Buruzagi Probintzialarekin hitz egitera eta jarrerak hurbildu ere bai. Azkenean, berentzat murritza eta Ikastolarentzat izugarria zen preziora iritsi ziren gauzak. Agian zuzena zatekeena, 7,5 milioi pta.tan zerratu zen tratua!. Lekaimeek Aurrezki Kutxarekin zuten mailegu bat Ikastolak zorpetuz eta Kutxa berorrek emandako beste mailegu bat gainean hartuz erosi zen Ikastetxea (Alkartasuna Lizeo zaharra).
Hori burutzeko, ordea, nortasun juridikoa zuen elkartea behar zen, bere burua zorpetu eta kontratatzeko ahalmena zuena alegia. Izena ezartzea izan zen errazena. Ikastetxe hori, Arane Zahar, Arane berri, Arane txiki eta Arangoiti izeneko hiriguneko eraikinen artean kokatuta zegoen. Asociación Cultural Aranealde eman zitzaion izentzat. Kultural izatearena derrigorrezkoa zen negoziorako ez zen edozein elkarteren estatutuak onartzeko. Estatutuak beste gisako kultur erakunderen batetik kopiatu ziren eta Gipuzkoako Gobernu Zibilak onetsi arteko prozedura luze eta nekagarriari ekin zitzaion.
_______________________________________________________________________
22 Eraikin hori, 1977ko udaberrian berreskuratu zuen EAJk (ikus Beasaingo Uri Buru Batzarrak argitaratutako: Euzko Alderdi Jeltzalea Beasainen; 100 urteko historia, 117.-122. or., Miren Barandiaran Contreras) eta beheko oina merkataritzarako utzita, gainerakoa Batzoki moduan erabilia izan zen. 2006an saldu eta etxebizitzak egiteko eraitsi zen. 1986ko alderdiaren zatiketa gauzatzean EAJren esku gelditu zen (aipatutako liburua, 141. or.) eta 1997-02-14an, aurreko urtean (1996an) galdutako auzi baten apelazio‑auzian, EAJ alderdiak Goierriko Alkartasuna S. A. elkarteari jabetza kendu zion. Hedabideetan azaldu zenez (2008‑05-01ean agertu zen berria Goierriko Hitzan eta Diario Vascon eta 2008‑06‑08an Berrian), Goierriko Alkartasuna S. A.ren batzarrik ez zen egin erabakia hartzeko eta bazkide akziodun askok ez zuen eragiketa horien inolako berririk izan eta 10 urte igaroak zirenez kontuak eskatzeko epea iraungituta gelditu ziren. Egoera konpondu asmoz 2008an EAJ alderdiko buruzagiekin egindako bileretatik ere ez zuten inolako etekinik atera eta beren akzioak ezeren baliorik gabe eskuetan zituztela aho bete hortz gelditu ziren.