2.9. BESTE EKINTZA BATZUEN KOKALEKU
Olanoren gurutze erako etxea ez zen izan egunezko Ikastola soila. Hain zuzen ere, 1966-67 ikasturtean hasi zen Beasaingo Gaueskolak (Euskara irakastekoak), hantxe izan zituen ikasgelak ilunabarretan, harik eta 1976-77 ikasturtean ikasle-kopuruak gain hartu eta sail bat bederen Lasalletarren Loinazko San Martin ikastetxera pasatu zen arte. 1977-78an ere hala jarraitu zen (bietan gaueskolak emanez) eta 1978-79an Loinazko San Martin plazako Herriko Eskoletara pasa zen ekintza hura...
Era berean, Gazte-berri zortzikoteak ere, 1969-71 bitartean izan zuen bizialdi laburrean, bertan burutu zituen kantu-entsegurik gehienak. Azkenaldira Lasallen, Bareak abesbatza sortu eta hark iraun zuen bitartean.
Gainera, txistu-ikasketak ere eman ziren arratsetan eta larunbatetan eta horiek gutxi bailiratekeen, hainbat eta hainbat bilera mota egiteko ere balio izan zuten Ikastolako Ikasgelek.
Gainera, larunbatetan, Ikastolako umeekin ibilaldiak, jokoak, etab. burutzen zituzten gazteek eratutako taldeek ere hantxe jardun zuten.
Hitz gutxitan esanda, Euskaltegi, Musika Eskola, biltzar-leku, udaleku ireki, etab. izan zen garai hartako Ikastola eta horrelako ekintza-pilaketak askotan sortu ohi dituen arazo guztiekin ere, nolabaiteko herrigintza euskalduna garatzen lagundu zuen.