Día del Libro

Inicio desactivadoInicio desactivadoInicio desactivadoInicio desactivadoInicio desactivado
 

HITZ LAUZ

amets zurutuzaAmets Zurutuza Eskisabel/ D Maila. 2 sariaKaixo, ni Amets naiz eta datorren azaroaren 13an hamahiru urte beteko ditut. Andramendi ikastolan ikasten dut eta DBH 1. mailan nago.
Zaletasun ugari ditut: irakurtzea, idaztea, mendira joatea, bidaiatzea... eta egunen batean Japoniara joan eta herrialde hura ezagutzea da nire ametsa.
Izugarri poztu nau sari honek. Ea zuek nik idazten adina gozatzen duzuen irakurtzen.

 

ORDULARIA

Zure ordularia oso polita zen, Joakin; polita eta ona. Urre gorri kolorekoa, esfera txuria eta dir-dir berezia zuena orratzetan. Lantegian ordu asko sartu behar izan zenuen hura erosteko. Gaur izango balitz bezala gogoratzen dut trena hartu eta Tolosara elkarrekin joan ginenekoa, Plaza Nagusian zegoen erlojudendan hain berezia zen ordulari hura erosteko. Hura poza zuena! Ordularia polita zen, eta bere eskumuturrean oraindik eta dotoreagoa zen! Hura jantzi, tabernan zerbait jan eta plazako dantzaldira joan ginen Mari Karmen eta Asunekin dantza egiteko asmoz.

Joakin, Joakin, Joakin.... anaia maitea, aspaldi da gurekin ez zaudela... Jende asko joan da gure ondotik, baina zure heriotza eta desagerpena... hura bai izan zela gogorra denontzat!

36ko uztailaren bukaera zen eta lagunekin elkartean afaltzeko geldituta geunden laster iritsiko ziren herriko festak antolatzeko. Ni etxean gelditu nintzen tripetatik oso ondo ez nenbilelako, eta aita ere ez zebilen oso ondo... Orduan hasi zitzaigun urteetan gainean eraman dugun zama.

Gau luzea eta mugimendu askokoa izan zen herrian egun hura. 1936ko uztailaren 27a zen, asteartea. Zure bila joan ziren elkartera, indarrez atera, eta kanpoan zeuden beste gizon batzuekin batera herritik kanpora eraman zintuzten. Nora? Urrutira dirudienez, oraindik zuen gorputzek ez dute herrirako bidea aurkitu eta.


Joakin, lagunekin afaltzera joan eta etxera berriro itzuli ez zinen anaia...

Eta ni hementxe nago, gauero zure arnasaren hotsa entzuten. Hementxe, amorruak barrutik jaten nauen bitartean...

Hurrengo egun osoa eman genuen zure bila. Nahasmendu handia zen herrian, baina batzuk harro zebiltzan euren botere erakusketa egiten: Luis Barrenechea eta Julio Albisu, adibidez, ez zebiltzan urruti... Kanpotar eta militarrez beteta zegoen herriko plaza, eta hutsik gelditu ziren etxeak goitik behera miatu zituzten. Bezperako erresistentziaren ke usaina bakarrik arnasten zen.

Egun bat, beste bat eta beste bat... baina ez zen inon zure berririk. Azkenean, saminak eraginda, Julio Albisurengana jotzea erabaki genuen laguntza eske. Bere etxe dotorean hartu gintuen; hura zaintzen bi militar zituen atean eta “Buenos días” lehor batekin agurtu gintuzten. Modu berean jarraitu zuen Juliok, umetatik elkarrekin jolasean ibilitakoak ginela ahaztuta. Joakinengatik galdetu genion; elkartera lagunekin joan zela eta ordutik falta zela azaldu genion. Juliok, edo zuzenago esateko Albisu “jaunak”, ez zekiela ezer azaldu zigun, eta eskua luzatuz bere etxetik ateratzera gonbidatu gintuen.

Eskua luzatu zuenean, ordea, bere txaketa grisaren mahuka ertzetik, urre gorri koloreko ordularia agertu zen. Gure Joakinen ordularia! Zure ordularia!

Eta orain, gauero, ordularia entzuten dut: tik-tak, tik-tak...

Ilobek tarteka galdetzen didate zergatik isildu ote ginen... baina hori da galtzaileei tokatu zaiguna. Denbora pasa da, gehiegi agian... egoera aldatu da, baina zu, Joakin, oraindik ez zara itzuli.

Urte asko pasatu dira, eta nik ere aspaldi utzi nion gaztea izateari... Orain zaharren egoitzan nago, aldameneko ohean Julio Albisu gelakide berri dudala. Egoitzara ekarri dute bera ere, Asun bere emaztea hil ostean. Eta berarekin ekarri du gure azken arnas hotsa neurtuko duen urre gorriko ordularia... duela zenbait urte zure azken arnasa neurtuarazi zuten bezala.

Hauxe da galtzaileoi tokatu zaiguna...

Amets Zurutuza Eskisabel


2019 1   2019 2 2019 3  2019 4   2019 5
   2019 6   2019 7       

Televisión-Radio

Historia de la Ikastola de Beasain

Contacta con nosotr@s

ANDRAMENDI ELKARKIDETZAN ETA ELKARLANEAN

14.fw.png13.fw.png12.fw.png7.fw.png11.fw.png2.fw.png10.fw.png1.fw.png5.fw.png6.fw.png8.fw.png4.fw.png9.fw.png3.fw.png15.fw.png