Ratio: 5 / 5

Inicio activadoInicio activadoInicio activadoInicio activadoInicio activado
 
   
pdf    

Geurea den hezkuntza sistema bat da behar duguna

“Aurrerantzean ez da gehiago ikastolez hitz egingo”. Halaxe esan zuen Eusko Jaurlaritzako orduko Hezkuntza sailburuak, 1993an, Hezkuntza Publikoaren Legea onartu berritan. Iltzatuta daude oraindik hitz horiek ikastolen mugimendua osatzen dugun kide askoren artean; urte gogorrak izan baitziren ikastolentzat. Gure mugimendua haustera zetorren eta ikastola askoren publifikazioa ekarri zuen prozesu hark utzitako orbanek oraindik erresumina eragiten diguten arren, harro gaude orduan hartu genuen erabakiarekin, herritik eta herriarentzat sortutako hezkuntza proiektuei herriarentzat eutsi genielako. Oraindik, ziklikoki, zaurietan gatza botatzen digute, ordea, eta orduan amaitu ez zen eraiste prozesua akaberaraino eraman behar dela aldarrikatzen duten ahotsak altxatzen dira noizean behin.

Azkenak Euskal Eskola Publikoaz Harro topagunean biltzen diren eragileak izan dira. Beste publifikazio prozesu bat abiarazteko eskatu diote egungo Eusko Jaurlaritzari. Manifestua izenpetu duten zenbait eragileren aldetik ez gaitu harritu eskaera horrek. Beste zenbaiten aldetik, ordea, bai, bakarka bestelako planteamendu bat egiten dutelako. Publifikazioa aipatzen dute, gainera, errezeta magikoa izango balitz bezala, horren bitartez, eta horren bitartez soilik, lortu ei delako murgiltze sistema ezartzea, segregazioa amaitzea eta hezkuntza sistemak egun dituen gabezia guztiak konpontzea.

Baina ikastolok ez gaude prest herritarrek herritik eta herriarentzat sortu eta garatutako hezkuntza proiektuak ezein administrazioren esku uzteko, eta ez ditugu utziko. Berriro diogu: harro gaude hartu genuen erabakiarekin. Jaiotzerako zaharkitu zen Hezkuntza Lege horren ondotik (1993koa) ere bide propioa egin dugu, eta talde sendoa osatu dugu Euskal Herri osoan: 111 ikastola gara, 57.000 ikasletik gora ditugu, milaka familia, eta 6.000 irakasle eta langile ez irakasle. Izaera kooperatiboari jarraituz, taldean egiten dugu lan eta taldearentzat: elkarrekin eta elkarrengandik ikasiz, eta proiektuak batera eramanez. Euskal Herri mailako ikuspegiarekin, hezkuntza eredu propioaren bitartez, euskaratik eta euskaraz, euskal curriculuma ardatz hartuta, begirada etorkizunean jarrita ari gara.

Erakundetze aldetik ere gero eta sendoago gaude Europar Kooperatiba Elkartean, eta urterik urte eragingarriagoa den Elkartasun Kutxaren bitartez hamaika proiektu atera ahal izan ditugu aurrera. Tokian tokiko eta Euskal Herri mailako elkarte eta mota guztietako eragileekin elkarlanean dihardugu, ez gaude gure zilborrari begira, Euskal Herrian, hamaika aldiz frogatu den bezala, bizi bizirik den hirugarren bideari, herri ekimenari, auzolanari hauspoa emanez, interkooperazioa bultzatuz eta hezkuntzaz haragoko proiektuetan ere inplikatuz.

Pedagogikoki azken urteotan jauzi handia egin dugu, hezkuntza eraldatzen ari gara. Pedagogiak bezala, Hezkuntza sistemak ere eraldatu beharra dauka eta aspaldi ari gara horren premia azpimarratzen. Pandemia garai honetatik ondorio argirik atera baldin badugu izan da aldaketarik gabe, gure sistema porrotera doala. Aldaketa hori etortzekotan, une honetan, Hezkuntza Lege berri batekin etorriko da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Urteetan ari gara aldarrikatzen hezkuntza sistema osoarentzako lege berri bat hezkuntza sistema propio bat eraikitzeko bidean, eta Euskal Herri osoa hartuko ez badu ere, abiatu dadin nahi dugu.

Hezkuntza sistema propio bat nahi dugu, herri ekimenak ere lekua izango duen publikotasunaren definizio berri batekin, eta hori legean ikusi nahi dugu. Baina hori guztiori, hemen garatutako eztabaida baten emaitza bezala ikusten dugu. Eztabaida zabal eta sakon bat, guztion artean eginikoa, baita gure mugimendua eraitsi nahi dutenekin ere.

Gehiago irakurri...

 

Historia de la Ikastola de Beasain

ANDRAMENDI ELKARKIDETZAN ETA ELKARLANEAN

8.fw.png15.fw.png2.fw.png9.fw.png16.fw.png12.fw.png13.fw.png7.fw.png10.fw.png3.fw.png5.fw.png6.fw.png1.fw.png4.fw.png14.fw.png11.fw.png