Ratio: 5 / 5

Inicio activadoInicio activadoInicio activadoInicio activadoInicio activado
 
koldo teiltu    

Prentsa agerraldia egin du gaur Ikastolen Elkarteak, Donostian, Ikastolen Etxean, Eusko Jaurlaritzaren curriculum dekretuen zirriborroa jendaurrean baloratzeko. Zirriborro horrek berrikusketa eta berridazketa sakonak behar dituela uste dute ikastolek. Zirriborroa den heinean, hobetu daitekeen testua dela deritzote, eta hobetzeko asko dagoela, esku artean dagoena, nagusiki, LOMCEren aplikazioa delako.

Hiru puntu dira bereziki kezkagarriak, eta horietan aldaketa sakonak egiteko planteamendua aurkeztu dio EHIk Eusko Jaurlaritzari. Hauek dira puntuak:

1.- Marko Pedagogikotik dekreturako urratsean ez dira lortu behar bezalako eraginkortasun eta loturarik.

2.- Euskararen eta euskal kulturaren dimentsio espezifikoari buruz, berebiziko kezka agertu dute.

3.- Zirriborroan LOMCEren eragina nabarmena dela ikusi da.

Hots, ikusten dute adostasunez onartutako Marko Pedagogikoa diluitu egiten dela zirriborro horretan, eta, aldiz, eragile denek eta alderdi ia guztiek, Jaurlaritzak barne, errefusatzen duten LOMCEren irizpide asko zehatz-mehatz ageri direla.

Prentsaurrekoan adierazi da dekretuen zirriborroaren egungo formulaziotik urrun sentitzen direla ikastolak, eta harekiko zituzten itxaropenak ez direla momentuz bete. Beraz aldaketa esanguratsuak proposatu dizkiote Hezkuntza Sailari eta horiexek egitea espero dituzte aipatutako alorretan.

Amaitzeko, beste gogoeta bat ere plazaratu dute; curriculum dekretuez harago, Euskal Herrirako Hezkuntza Sistema Propioa eraikitze aldera urratsak egin behar direla, eta, une honetan, aukera hori badagoela Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege bat adostu eta aurrera eramanez, alegia Heziberri 2020 egitasmoaren hirugarren faseari ekin behar zaiola, hezkuntza eragile guztien parte hartzearekin, eta ahalik eta lasterren.

Prentsa agerraldian parte hartu dute EHIko lehendakari Koldo Tellituk, lehendakariorde Arantza Manterolak, zuzendari Imanol Igeregik eta Hezkuntza arduradun Abel Ariznabarretak.

Hemen duzue, osorik, gaurko agerraldian plazaratutako iritzia:

Ikastolen hausnarketa Eusko Jaurlaritzaren curriculum dekretuen zirriborroaren gainean

Sarrera

Urriaren amaieran aurkeztu zigun Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Hezkuntza eragileoi Heziberri 2020 egitasmoari dagokion curriculum dekretuen zirriborroa. Orduan esan genuen astia behar genuela zirriborroa aztertzeko eta hari ekarpenak egiteko. Aztertu dugu, eta egin dizkiogu ekarpenak.

Laburpen edo titular gisa hauxe esan dezakegu: dekretuak dauden bezala ezin dira onartu, aukera galdu baten aurrean egon gaitezke, esku artean duguna nagusiki LOMCEren aplikazioa delako. Aukera galdua, curriculum dekretuak aurkeztu dizkiguten bezala geratzen badira. Baina, era berean, zirriborro baten aurrean gaudela ere azpimarratu nahi dugu; alegia, hobetu daitekeen testu baten aurrean. Eta, gure ustez, asko dago hobetzeko. Berrikusketa eta berridazketa sakona behar ditu zirriborroak. Garaiz gaude oraindik Euskal Curriculuma garatzeko bideari helduko dion dekretua egiteko, hezkuntza eragileok egin dizkiogun ekarpenekin, eta eragileokin lan eginda.

Baina ezin dira erretiratu, hura erretiratzeak LOMCE bere gordintasunean aplikatzea ekarriko ligukeelako ondorio gisa, eta hori da, hain zuzen ere, kosta ahala kosta, ekidin beharko genukeena. Arduraz jokatu eta aurrera begirako irtenbide bat da behar duguna, eta horri heldu behar diogu urgentziaz.

Zer aldatu nahi dugun Dekretu zirriborroan Gabezia desberdinak ikusi dizkiogu:

1.- Marko Pedagogikotik dekreturako urratsean ez dira lortu behar bezalako eraginkortasun eta loturarik

- Atariko kapituluan, adibidez, Dekretu zirriborroaren oinarrian denen artean adostutako Marko Pedagogikoa dagoela azpimarratu beharko litzateke. Era berean, dekretu batean Marko Pedagogikoa gelara eramateko irizpideak zehatz-mehatz agertzea erraza ez den arren, Markoaren asmo edo printzipio nagusiak (euskara ardatz duen eleaniztasuna, hizkuntzen trataera integratu eta integrala, ebaluazioaren planteamendua eta edukia, konpetentzia digitalen txertatzea …) argiago definitzeko aukera bazegoela uste dugu.

-Ebaluazioaren atala ere ez dugu aipatu gabe utzi nahi, berebiziko garrantzia baitu. Hutsune berezia nabarmentzen dugu. Eranskinetan definitutako ebaluaziorako irizpideak eta lorpen-adierazleak lotuta daude edukien ebaluazioarekin, hau da ikasleek jokabide konpetentea erakusteko eskuratu behar dituen adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiekin. Ebaluazio mota hori beharrezko da, baina ez da nahikoa, konpetentziaren ebaluaziorako irizpideak eta lorpen-adierazleak ere gehitu behar zaizkio.

2.- Euskararen eta euskal kulturaren dimentsio espezifikoari buruz, berebiziko kezka agertu nahi dugu.

- Zirriborro honetan ez dago Euskal Dimentsioa gauzatzeko berariazko garapenik, hots, LOMCE garatzera datorren Errege Dekretuan agertzen diren edukien aukeraketa bera egin du Eusko Jaurlaritzak, amaieran “Euskal Herrian” erantsiz. Kezka hori “Euskara eta euskal Literatura” eta “Gizarte Zientziak” alorretan islatzen da bereziki.

- Hizkuntzen atalean, berriz, ikasleen irteera profila definitzeko orduan, uste dugu beharrezkoa dela Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Markoa aipatzea, ezinbesteko erreferentzia baita hezkuntza eragileen eta Hezkuntza Sailaren azken urteetako hainbat hizkuntza planteamendutan.

3.- Zirriborroan LOMCEren eragina nabarmena dela ikusi dugu, formalki behintzat LOMCEren zenbait muga eta planteamendu zehaztasun gehiegiz onartzen edo islatzen baititu. Gure iritziz, LOMCEk joko zelai mugatu eta zurruna ezartzen duen arren, dekretu zirriborroak bazuen hain zehatza ez izatea.

Hots, ikusten dugu adostasunez onartutako Marko Pedagogikoa diluitu egiten dela zirriborro honetan, eta, aldiz, eragile denok eta alderdi ia guztiek, Jaurlaritzak barne, errefusatzen dugun LOMCEren irizpide asko zehatz-mehatz ageri direla

Ondorioz

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak iragan urrian aurkeztu zigun Dekretu zirriborroaren egungo formulaziotik urrun sentitzen gara ikastolok, eta harekiko genituen itxaropenak ez dira momentuz bete. Beraz aldaketa esanguratsuak proposatu dizkiogu Hezkuntza Sailari eta horiexek espero ditugu aipatutako alorretan. Berrikusketa eta berridazketa sakonak behar ditu, aurrez esan bezala aukera galdu baten aurrean egon ez gaitezen.

Izan ere, ezin dugu aukera galdu. Ikastolok eta, oro har, herritarrek ez dugu edozein irtenbide onartuko. Uste dugu garaiz gaudela eta badauzkagula astia eta gaitasuna hori zuzentzeko, Hezkuntza Sailak serioski aztertu beharko lituzkeela hezkuntza eragileok egin dizkiogun ekarpenak, eta eragileokin lan egin beharko lukeela dekretuen zirriborroaren berrikuspen sakona egiteko. Azken finean LOMCEtik urrun egongo diren eta hezkuntza sistema propio eta berritzaile bat eraikitzeko baliagarri izango diren curriculum dekretuak ari gara eskatzen.

Gure aldetik, behintzat, horretan ere elkarlanerako prest gaitu Hezkuntza Sailak berea duen erantzukizun hori betetzen laguntzeko.

Beraz, ausardia eta bestelako borondate baten adierazpena eskatzen dizkiegu Eusko Jaurlaritzari eta Hezkuntza Sailari.

Amaitzeko, beste hausnarketa bat

Dekretuak, dena den, ez dira aski. Hezkuntza Sistema Propio bat eraikitzeko urratsak egin behar ditugu, eta une honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege bat da helburu horretarako urrats garrantzitsua, besteak beste Lege bat delako curriculum-dekretua kokatzeko berariazko espazioa eta euskarria. Lege hori abiaburu izan daiteke Euskal Herri mailako sistema propio bat eraikitze aldera.

Bai, Hezkuntza Legea egiteko pausoak emateko eskatzen ari gara, eta lehenbailehen, hobe gaur bihar baino. Gainera, aintzat hartzen baditugu curriculum dekretuen zirriborroari beste eragile batzuek egin dizkioten kritikak eta haiek egindako exijentziak, besteak beste finantzaketaz eta hizkuntza ereduez egindakoak, dekretuetan bildu ezin direnak legearen bidez erregulatu beharreko gaiak direlako, konbentzimendu handiagoz eskatzen diogu Hezkuntza Sailari Hezkuntza Legerantz urratsak egiten hasteko.

Beraz, Eusko Jaurlaritzari eta Hezkuntza Sailari eskatzen diegu lehenbailehen abian jar dezaten Heziberri 2020ren hirugarren fasea, Hezkuntza lege bati ateak zabalduko dizkion prozesua, curriculum dekretuen prozesua amaitu arte itxaron gabe.

Gure ustez, lege honek, besteak beste, konpetentzietan oinarritutako Euskal Curriculuma, euskaran ardaztutako eleaniztasuna eta Hezkuntza Zerbitzu Publikoa indartu eta garatu behar ditu, hori bailitzake benetako urratsa ikastolok babesten dugun Hezkuntza Sistema Propiorako bidean.

Historia de la Ikastola de Beasain

ANDRAMENDI ELKARKIDETZAN ETA ELKARLANEAN

4.fw.png7.fw.png1.fw.png9.fw.png14.fw.png10.fw.png15.fw.png6.fw.png12.fw.png13.fw.png5.fw.png8.fw.png11.fw.png2.fw.png16.fw.png3.fw.png