Zer esanik ere ez noski, Batxilergo hura espainieraz ematen zen Euskara ikasgai soil izanik, ezen, han bildutako ikasleak, espainieraz eskolatuak izanak baitziren ordura arte. Irakasleak berriz, zer esanik ere ez! Hurrengo Ikasturtean (1968-69an), Lizeo zaharrera pasatu ziren Batxilergoko ikastaldeak beren irakasleekin eta bat izan asmoz sortutako bi Ikastetxe jarri ziren lanean: Ikastola (ofizialki Escuela Parroquial Ntra. Sra. de Loinaz) eta Alkartasuna Lizeoa (Liceo Alkartasuna orduan). Lehenengoa Beasaingo Ikastola (10 urtera arteko ikasleekin) eta bigarrena Eskualde edo Bailarako Batxilergo Ikastetxe euskalduna izateko proiektu zena (10 urtetik 16ra 6 urteko Batxilergo-ikasketak emateko). Bai batean eta baita bestean ere, ikasmaila--hutsuneak baziren hasiera hartan, baina etorkizunean osatu eta bataren haria besteak jarraitu eta soka osatzeko asmoz prestatu zen guztia.
Lizeo zaharreko lehenengo ikasturte horretan (1968-69), Mª Jose Azurmendi izan zen Zuzendaria eta Itziar Elosegi, Milagros Buldain eta Miren Azpiroz irakasle finkoak. Gainera, On Segundo Dorronsoro, Joxe Zufiaurre eta Andoni Sarriegi aritu ziren orduka zenbait gai ematen. Egunez ezezik gauez ere irakatsi zen Batxilergoa lehenengo urteetan eta haren inguruan baita Frantsesa, Ingelesa, Musika, Txistua, etab. ere.
Ikastetxe horietako bakoitzak, bere Batzordea zuen. Lehenak Beasaingoa eta bigarrenak Eskualde edo Bailarakoa eta horrek funtzionamendu-autonomia eman zien biei alde batetik, baina ezin-ulertuak eta arazoak ere sortu zituen, hurrengo atalean ikusiko den bezala.