Ratio: 5 / 5

Inicio activadoInicio activadoInicio activadoInicio activadoInicio activado
 

portada sarriegi1Ekimen horrekiko sentibera izan zitezkeen lagun eta adiskideekin nahiz Lazkaon, Hernanin, eta abarretan hasi berri ziren beste ikastola batzuetako batzordeetakoekin hitz egiten hasi ziren. Lehenengoekin herriko giroa neurtu nahi zuten, ikasturteari ekiteko zenbat ikasle izan ote zitezkeen ikusteko. Bigarrenen bidez, aldiz, Ikastola ireki eta hurrengo egunean itxia ez izateko egin beharrezkoak ziren izapideak nola egin jakin nahi zuten.

Herrikoen erantzuna itxaropentsu agertu zen, izan ere, hamabost/hogei bat guraso gazte bai baitzeuden beren seme-alabak eskola mota berri hartara bidaltzeko prest azaltzen zirenak.

Garai hartan, eta geroago ere, lege aldetik ikusi zen bide bakarra, Elizaren mendeko Parroki Eskola bezala erregistratutako ikastetxe pribatuarena izan zen. On Segundo Dorronsoro Erretore jn.arekin hitz egin eta berehalako baiezko erantzuna jaso zuten, egin beharra zegoen Zuzendaritza-batzorderako, parrokiako katekesiaz arduratzen zen On Tomas Arregi apaiz jn. bere ordezko Izendatuz.

Horren ondorioz, honako Zuzendaritza-batzorde hau osatu zen:

• On Tomas Arregi jn. (apaiza)

• Joanito Agirre jn.

• Manolo Dorronsoro jn.

• Joanito Erguin jn.

• Karmelo Olano jn. eta

• Josetxo Zufiaurre jn. San Inazio kaleko Karmelo Olanoren altzari-denda hartu zuten asteroko bilera-lekutzat eta lau izan ohi ziren astero mahairatzen ziren gaiak:

• Hasieran “Jardín de la Infancia” gisa eta gero “Escuela Parroquial Ntra. Sra. de Loinaz” izenpean legeztatzeko izapideak.

Andereño izan nahi zukeen titulu ofizialdun maistra euskaldun bat aurkitzea, Ikastolan erabili nahi zen pedagogia-teknika ikastera hasi berria zen Lazkaoko Ikastolara joan zedin.

• Etorkizuneko Ikastola kokatzeko gelak edo aretoak.

• Etorkizuneko ikasle izan zitezkeenen izen-bilketa.

Apurka-apurka, eskuarteko arazoak behin-behinekotasunez bederen konpontzen hasi ziren eta haiek konpondu ahala berriak sortzen. Hala, Ixabel Olano and., maistra tituluduna, izan zen lehenengo ikasle-talde hartaz arduratzeko baietza eman zuena eta 1964-1965 ikasturtean eskolaurreko lehenengo taldea osatu zen. Ixabel Andereñoa, Lazkaoko Ikastolara joaten zen ikastetxe hartan ematen zen irakaskuntzaz jabetzeko, izan ere, zertxobait lehentxeago irekia baitzen han Ikastola.

Ikasgelatarako berriz, Parrokiak, San Inazio kalean zuen Emakumezkoen Ekintza Katolikoetarako sotoa utzi zuen. Ez zuen komunik ere eta euria egitean ura ere sartzen zen kanpotik.16 Baina hantxe hasi zen Beasaingo Ikastola 1965eko urtarrilaren 7an, hiru eta lau urteko 25 neskato-mutikoekin.17

Baina berehala, ikasle haien familietako aztoramena hasi zen. Etxeetan ziotenez, ezer ez zuten ikasten, eguna jolas egiten pasatzen zuten, jarleku eta mahairik ez zeukaten, paperean paloterik (arrasto zuzenak) ez zuten egiten, orduko arbeltxorik ere ez zerabilten, eguna biribilean eserita, kantuak ikasten pasatzen zuten eta orearekin irudiak nahiz pinturarekin zirriborroak besterik ez zituzten egiten... Gainera, paraje hauetan are arraroagoa eta berriagoa zena: okerkeriak egitean ikasleak ez zituzten jotzen eta egun osoz zerabilten hizkuntza bakarra (andereñoa erabiltzen saiatzen zena behintzat) euskara zen. Hori guztia ezin sinetsia eta irentsia zen garai hartan hemen. Kezkak kezka, ordea, guraso haiek jarraitu egin zuten halere umeak Ikastolara bidaltzen. Bazegoen gerorako federik eta fede hark ez zuen huts egin.

Dena dela, berehala zabaldu zen herrian berria eta irakaskuntza mota hura begi onez ikusten ez zuten gutxi batzuei erantzunez bezala, izugarri ugaldu zen hurrengo ikasturterako beren umeen izenak Ikastolan emandako gurasoen taldea. Irizpide ona izan zen noski Eskolaurreko (orduan “Jardin de la Infancia”) lehenengo urtetik ikasleak sartzen joate hori, ezen, une hartan, ez baitzegoen normalean (Lekaimeen ikasgela batzuek salbu; publikoan bederen ez) ikastetxe eta irakaslerik hezkuntza mota hori eskaintzeko.

1965-66 Ikasturtean gorriak ikusi bide zituen Ixabel Olano andereñoak soto hartan, 3 mailatako (3, 4 eta 5 urteko) 47 neskato-mutikorekin. Sartzea ere ia miraria zen. Hurrengo ikasturtean (1966-67an) hasiera-hasieratik (1966ko irailean), Iñake Irastortza andereño tituluduna sartu zen eta horrek arduren arloa zerbait egokitu zuen arren, ia ezinezkoa zen jadanik han jarraitzea, izan ere ikasturte hartan 56 haurrekin hasi eta lekua izan zenean 85 ume izatera iritsi baitziren.

_______________________________________________________________________

16 Beasain jaietan urtekaria (1981), Arantza Sarriegik idatzitako Eskerrik asko Ixabel artikulua.

17 Ixabel Olano andereñoaren koadernoko zerrenda.

botoia1

Historia de la Ikastola de Beasain

ANDRAMENDI ELKARKIDETZAN ETA ELKARLANEAN

12.fw.png4.fw.png16.fw.png11.fw.png3.fw.png14.fw.png2.fw.png10.fw.png8.fw.png13.fw.png6.fw.png9.fw.png15.fw.png5.fw.png7.fw.png1.fw.png