Gero,1918ko Eusko Ikaskuntzaren Oñatiko I. Biltzarraren ondorioz, perretxikoak bezala hasi ziren sortzen: Tolosan (1921ean), Errenterian (1928an), Soraluzen (1932an), Bergaran (1932an), Iruñean eta Lizarran (1932an), Gasteizen (1933an) eta Elizondon (1935ean). Gainera, data hain jakinik gabe izan arren, 1930.eneko hamarkada horretan hasi ziren ikastolak Oñatin, Seguran, Iruran, Andoainen eta abarretan ere. Bilbon 1932an Eusko Ikastola Batza elkartea sortu zen. Guztietan maila berdinean ekarri ez bazuten ere, ikastolek, euskaraz irakasteaz gainera, ordura arteko pedagogia-sistema lotu eta elkorrekiko berrikuntza nabaria ekarri zuten, izan ere, ikastoletako irakasleak, esanguratsuenak behintzat, garai hartako Europako pedagogia--korronte aurrerakoienei (Decroly, Montessori, eta abarrek sortuei)3 begira baitzebiltzan.
Horiez gainera, 1930ean hasi eta garatutako Auzo-ikastola deituak ere baziren. 1936an, Gipuzkoan bertan 27-30 inguru Auzo-ikastola zeuden, hau da, Auzoetako Euskarazko Eskolak, herri txikietan kokatuak eta Foru Aldundiek, 1918an Oñatin Eusko Ikaskuntzak egindako I. Biltzarrak bideratutako eskaeren ondorioz sortuak4. Halere, Auzo-ikastola horiek ez bide zuten leku guztietan beren euskaraz eskolatzeko helburua guztiz bete eta, zenbaitzuek agian, euskaldunei erdara eta erdaraz hobeto irakasteko pedagogiak erabili bide zituzten.
Orduko Beasaingo giroari dagokionez eta auzoekin ekiteko, Garin, auzoa zen eta bertan ez zegoen eskola ofizialik. On Teodoro Bikuña, apaiz jn.ak, ordea, bere gisa eta baserritarrek ematen zizkioten borondatezko opariren batzuk gorabehera, musu-truk sortu zuen Eskola Garinen Errepublika garaian eta Xabiertxo, Martin Txilibitu, Lutelestia eta gisako liburuez baliatuz, garai hartako erara euskarazko eskolatze-lanak burutu zituen.5
Astigarreta aldiz, udalerri burujabea izan zen 1929an Beasaingo auzo bilakatu zen arte. Horren ondorioz, bere eskola ofiziala zuen maisu edo maistrarekin eta beti espainieraz irakatsi izan zen.6 Aipatutako Errepublika--garaian, beren umeek espainieraz ikastea nahi zuten garindarrek, Astigarretako Eskolara bidaltzen omen zituzten seme-alabak espainieraz ikastera eta eskolatzera.
Arriaran ere udalerri burujabea izan zen 1927ra arte, baina ez omen zuen eskola ofizialik izan eta Frantzisko (Patxi) Intxausti jn.ak Seroretegin libretik ematen omen zuen eskola, baina euskaraz esplikazioak eman arren, liburuak eta beste espainierazkoak erabiltzen omen zituzten.7 1935 inguruan, ordea, Eskola berria egin bide zuten eta maistra ofiziala ekarri. Hark dena espainieraz egiten omen zuen.
Azkenik, Aratz-Matxinbentan, ba omen zen eskola ofiziala bere maisu edo maistrarekin eta beti espainieraz irakatsi izan omen zen. Lehenago Oton eskola bereziren bat izan ote zen susmoa ere badago eta Erretoreak ere igandetako eskola (dominikala) jarri omen zuen, baina ez da gauza jakina espainieraz ala euskaraz ziren. Kristau-ikasbidea (dotriña) bai, beti euskaraz ematen omen zuten.8
Loinazko San Martin ikastetxean (Lasallen) berriz, izan zen gorabeherarik. Garai hartan beren probintzia oso zabala zen eta Valladolid-i atxikiak zeuden. 1933-34 ikasturtearen hasieran, Espainiako Errepublikak eraginda, Lasalletar anaiek ere sekularizatu-izaera hartu behar izan zuten eta Ikastetxeko zuzendaritza berriz, Ikasleen Guraso Elkarteak hartu behar izan zuen. Egoera horretan, besteren artean, 3 irakasle euskaldun eta euskaltzale trebe suertatu ziren bertan: Bartolo Otaegi, Luis Mari Sarasua, eta Ignazio Olabeaga.9
Autonomia Estatutuaren proiektuak elebitasuna aipatzen zuen eta Eusko Ikaskuntzak Euskarako Gaitasun Frogak jarri zituen, gainditzen zituztenei Ziurtagiriak emanez. Foru Aldundiak eraginda, aipatutako hirukoteak Agiri hori eskuratu egin zuen (1934-12-22 data dute agiriek). Beasainen zegoen Gloria Markiegi lekaime karmeldarrak ere bai10, baina lekaime karmeldarrak ez ziren iritsi ezer antolatzera. Gero, 1967an joan ziren Beasaindik.
Egoera horretan eta kristau-ikasbidea euskaldunei euskaraz emateaz gainera, batzuek aurrerago joaten ere saiatu nahi zuten nonbait, baina era guztietako oztopoak aurkitu zituzten. 1935ean guraso-talde batek Probintzialari Bujedora (Burgos) egindako gutun argitaragabe batean, informazio asko dator garai hartako giroaz.11
Hogei urteren buruan irakasle guztiz erdaldunak eta euskararen aurkako ugari izan dituztela dio eta urte pare bat badirela irakasle-talde euskaldun egokia osatu zenetik. Gurasoen artean ere ordea, borroka politikoa zegoen abertzale eta tradizionalisten (karlista, alfonsino, etab.) artean eta azkeneko horiek euskara-oihartzuna zuen guztia, politikotzat hartzen zuten. Pentsa zenbateraino, euskaldun ziren irakasleak hemendik banan-banan kanporatzeko asmoa bera ere agerian jarri zutela. Horretan bat zetozen noski goiko iherarkiaren barrenean, Valladolid eta Madrileko Ordenako Agintariengan zegoen izpirituarekin. Kontuan hartu, Txomin arlote irakurketa-liburua ere politizatzailetzat hartzen zutela dirudienez. EUSKARA=POLITIKA egiten zuten noski, baina inoiz ez ESPAINIERA=POLITIKA, hori berezkoa eta naturala bailitzatekeen.
Aipatutako Lasalletar anaia euskaldun prestatu horiek aldiz, ikasgelaz kanpoko hainbat ekintzez gainera (dantza, txistu, abesti, antzerki, euskarazko liburu-irakurketa, etab.) gaiak euskaraz irakasteari ere ekin nahi zioten nonbait eta hartarako egunera zeuden, ongi prestatuta.
1925ean Ixaka Lopez Mendizabalen Xabiertxo argitaratu zen (Primo de Rivera-ren diktadura-garaian). Gero ordea, 1931-1936 artean, Errepublika-garaian, ondorengo hauek argitaratu ziren besteak beste:
• Umearen laguna (1931), Ixaka Lopez Mendizabal
• Martin Txilibitu (1931), Ixaka Lopez Mendizabal
• Txomin ikasle (1931), Pirmin Iturriotz
• Sabin euskalduna (1931), Bernardo Estornes Lasa
• Lutelestia (Geografia) (1932), Pirmin Iturriotz
• Aurtxoen kristau ikastia (1932), Ludobiko Zelaia
• Lege zarra eta lege berria (1933), (Bruño) Manuel Lekuona eta Manuel Oiartzabal. (Gasteizko Apaiztegian J. M. Barandiaranek onetsia).
• “Colección de Cánticos Sagrados” bildumarako euskarazko osagarria (1933).
• Zenbakiztia. Lengaien ikastia (Aritmetika) (1933), (Bruño) Zarauzko mediku zen Zinkunegiren itzulpena.
• Neurriztia (Geometria) (1933), (Bruño) 12
Horietatik Manuel Oiartzabal eta Ludobiko Zelaia behintzat Lasalleko anaiak ziren eta Bruño argitaletxea ere bai. Guztien gainetik Anaia Joan Bautista Mintegiaga zebilen Eusko Ikaskuntzarekin harreman estuak mantenduz eta lan eginez. Esan beharra dago, Erakunde Ofizialik ezean, testuen nolabaiteko ikuskapena Eusko Ikaskuntzak egiten zuela.
J. M. Itziar eta Ignazio Olabeaga Lasalletar anaiek, Euskal Irakurgaien Antologia argitaratzear zeukaten 1936an eta Zinkunegi medikuak eta Manuel Oiartzabal Lasalletar anaiak, berriz, Gramática Vasca. 1936ko gerrak zokoratu zituen biak.
Horrela bada, gutun interesgarri horretan adierazten denez, Anaia Luis Mari Sarasua larratua zuten Beasaindik Gallartara (Bizkaiko Enkarterrietara) eta orain Anaia Ignazio Olabeaga kanporatzera zihoazen. Eta hortxe sortu zen abertzaleen kexua, lekuko bikaintzat gutun hori utziz. Dirudienez, ez zuen ezertarako balio izan eta gerra aurretik ere Euskararen aurkako asmoak indartsu zebiltzan Beasain aldean.13
Laburbilduz beraz, eta asmorik falta ez izan arren, ez bide ziren Lasalletar anaiak, euskaraz eta ofizialki, kristau-ikasbidea baino haratago irakastera iritsi. Euskararen arerioak, asmorik onenak itotzeko gai izan ziren.
Karitateko Lekaimeren batek ere (Sor Ritak), kristau-ikasbidea (dotriña) euskaraz irakasten bide zuen.
Hala ere, garai hartako ahaleginek, ez jada euskarazko eskolarentzako baizik eta eskola elebidunarentzako ere, ez zuten lege-ordenamendurik lortu14. Gainera, esan beharra dago, gaurko ume gehienak ez bezala, zorionez euskaldun elebakar zirela orduko ume asko eta euskarazko eskola edo eite elebiduneko asko, euskaldunei erdara eta gero erdaraz errazago eta hobeto irakasteko erabili zirela. Zentzu honetan ahalegindu ez zirenak eta euskaraz osoro eskolatzea helburu izan zutenak, Euskarazko Ikastetxeak edo gero Ikastola deituak izan zirenak dira soilki.
Lehen urratsak izan ziren haiek eta guztiak batera suntsituak gertatu ziren 1936ko Espainiako Altxamendu Militarrak ekarri zuen Francoren Erregimen Politikoa zela bide.
1936ko uztailaren 18an bertan (Espainiako Altxamendu Militarra gauzatu zen egun berean) inauguratu zen Beasaingo Batzokian ere, gerora Euskarazko Eskola edo Ikastola frontoi gainean egiteko asmoa ba omen zen, baina Beasainen zoritxarrez, gerra aurretik ez zen hiriguneko Euskarazko Eskolarik edo Ikastolarik izan (osoro eta guztiz euskaraz eskolatzen zuen Ikastetxe hiritarrik alegia).
Hala ere, 1950etik aurrera-edo, Loinazko San Martin ikastetxean, Lasallen eta Parrokian, euskaraz irakasten zitzaien kristau-ikasbidea (dotriña)15, hala nahi zuten ikasleei, nahiz eta oso beasaindar gutxi izan hala ikasi nahi izaten zutenak. Beasaingo Lasalletarren ikastetxean ikasten zebiltzan inguruko herri txikiagoetako ikasle gehienak ere baliatu ohi ziren aukera horiez.
_______________________________________________________________________
1 Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco (Auñamendi). Ikastola, 338. or.
2 Gure Ikastola (Jakin, 1972, 6. alea, 264. or.). Errezola'tar Mikeleren artikulua.
3 Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco (Auñamendi). Ikastola, 339.-340. or. )
4 Gure Ikastola (Jakin, 1972, 6. alea, 262.or.). Errezola'tar Mikeleren artikulua eta Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco (Auñamendi). Ikastola, 339. or.
5 Lasa Odriozola, Jose Ignazio, Garingo Auzo‑alkatearen aitorpena.
6 Intxausti‑Muxika familiakoen aitorpena.
7 Ondarre baserriko Domingo Eguren Lizarralderen aitorpena.
8 Endrio baserriko Ignazio Mari Lasa Lasaren aitorpena.
9Jakin, 24. alea, 138.-139. or. (1982ko uzt.-ira) Martin Lasaren SEIE izeneko artikulua.
10 Ihintza (Lasalletarren euskal aldizkaria), 17. zk., 28. or.
11Ikastetxe horretako guraso batzuk, Bujedora (Burgos) Anaia Probintzialari idatzitako gutun argi eta interesgarria. Sarasua anaia Bizkaiko Gallartara lekualdatua zuten eta Olabeaga ere beste norabait eraman berria. Azkeneko horren itzulera eskatuz egindako gutuna da, baina gauza interesgarri anitz dakar. Martin Lasa Anaia Probintzialaren adeitasunari zor zaio informazio hau eskuratu ahal izana.
12Estornes Zubizarreta, Idoia. La Sociedad de Estudios Vascos. V. kap., 200-201. or., Jakin aldizkaria, 24. alea. Martin Lasaren SEIE izeneko artikulua, 139. or. eta Ihintza aldizkaria, 6. alea, 28.or.
13Oso gomendagarriak Ihintza Lasalletar aldizkariko 6.,12.,15. eta17. aleetako lanak. Halaber Jakin aldizkariko 24. aleko Martin Lasaren SEIE izeneko artikulua (135. or. eta ondorengoak).
14 Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco (Auñamendi). Ikastola, 339. or.
15 Ikasle batzuen 1952-1960 arteko lekukotza, tartean neurea.