Liburu eguna

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

PROSA

ikastolako saridunak 2020Nora Smaali / D Maila. Izenburua: Zer da normala izatea?
Izengoitia: Pepa
Atala: Prosa
Maila: ​D

ZER DA NORMALA IZATEA?

 

Ez duzue inoiz entzun zuen guraso, aitona, amona, lagun edo gertukoren bat normalagoa izan behar duzula esaten? Baina zer da normala izatea? Besteak bezalakoa izatea ala beraiek egiten dutenaren kontrakoa egitea? Alaia izatea ala ezer ez egitea?

***

Goiz batean, egunak argitu zuen Laidaren etxean. Beti bezala, ikastolara joateko prestatzen ari zen, baina egun hartan galderez josita zeukan burua. Laida, egunero bezalaxe, azkar gosaltzera joan zen bestela ez zuen denborarik izango eta. Goiz hartan aitarekin gosaltzea tokatu zitzaion, eta aitak arraro begiratzen ziola konturatu zen. Nola jan zezakeen hamahiru urteko neskatila batek gosaria hain azkar? Ez al zitzaion tripako minik jartzen? Bere aitak nola begiratzen zion ikusita, Laidari azkenean galdetzea bururatu zitzaion:

- Ondo al zaude, aita? Zergatik begiratzen didazu horrela?

Aitari erantzutea segundu batzuk kostatu zitzaion:

- Neska, ez al zara itotzen hain azkar janda? Normalago jan beharko zenuke.

Aitak hori esandakoan, Laidaren buruan beste galdera bat sortu zen: ZER DA NORMALA?

Bere ustez, garbi zegoen aitak zer esan nahi zion: jendeak normalagoa izan behar duzula esaten dizunean, egiten ari zarenaren aurkakoa egin behar duzu. Baina Laidak besteen iritzia ere jakin nahi zuen.

Ikastolara iritsi zen, eta egunero bezala. bere gogoko irakaslearekin hitz egiten gelditu zen sarreran. Momentu hura bikaina zen normala izatea zer ote den galdetzeko, eta galdetu egin zion.

- Aizu, Andrea, zure ustez zer da normala izatea? - irakaslea harrituta gelditu zen galderarekin, eta ez zekien zer erantzun.

- A ze galdera egin didazun, neska! Egia esan, niretzat normala izatea besteak bezalakoa izatea izango litzateke: lasaia izatea, barre egitea, baina behar denean serioa ere izatea, lotsagabea ez izatea...

Andrearen zerrenda oso luzea zen, baina Laidak ez zuen denborarik denak entzuteko. Andreak bere zerrenda luzearekin jarraitzen zuen bitartean, Laida klaserantz abiatu zen berandu ez iristeko. Klasean zegoen bitartean, arreta jartzeari utzi eta koaderno batean Andreak esandakoa kopiatzen hasi zen, ea horrela normala izatearen esanahia zein zen asmatzen zuen.

Klasea bukatu zenean, beti bezala amonaren etxera joan zen bazkaltzera, eta han, amonari ere normala izatea zer den galdetzea erabaki zuen:

- Amona, zer da zuretzat normala izatea? - amona bazkaria egiten zebilen, eta berak ere ez zuen espero horrelako galderarik.

- Niretzat normala izatea egunero egiten duzuna egitea da, behin eta berriz, egunero-egunero, ezer aldatu gabe. - Laidak horri aspergarria izatea deitzen zion, baina hala ere koadernoan idatzi zuen.

Laidaren anaiak ere iritsi ziren etxera. Beti bezala garrasika sartu ziren, bata bestearekin eztabaidatzen. Egun hartan, ordea, amonak isiltzeko esan beharrean, Laidak bere galdera arraroarekin eztabaida geldiarazi zuen:

- Ez al daukazu galdera arraroagorik egiteko? - galdetu zion anaia zaharrenak.

- Normala izatea, mutil eder, jator eta lasaia izatea da; hau da, ni bezalakoa izatea -
esan zuen anaia gazteenak barre eginez.

- Hara bestea! Ez iezaiozu kasurik egin. Normala izatea, nahi dugun bezalakoa izatea
da: lasaia, alaia, ausarta... - esan zuen anaia zaharrenak, txikiari irribarrea aupegitik kenduz.

Laidak erantzun guztiak idatzi zituen, ea horrela ulertzen zuen normala izatea zer zen. Hala ere, oraindik ez zuen ulertzen zergatik eman zion bakoitzak erantzun ezberdin bat.

Etxera iritsi zenean amari galdetzea erabaki zuen, baina hark erantzun guztien artean arraroena eman zion.

- Ama, zer da normala izatea? - Laidak koadernoa ireki zuen, eta erantzuna idazteko prest zegoen.

- Niretzat, normala izatea, besteak bezalakoa ez izatea da: gauza ezberdinak probatzea, alaia izatea, besteengan pentsatzea, eta laguntza behar duzunean laguntza eskatzea.

Erantzun guztiak antzekoak ziren, baina bereziena zalantzarik gabe amarena izan zen. Gainera, hasiera batean Laidak pentsatzen zuen denek erantzun berdina emango zutela, azterketetan bazela. Baina ez zen hala izan.

Gaua iritsi zen eta Laidak ezin zion pentsatzeari utzi. Zer demontre zen normala izatea?

Film askotan ikusia zuen normala izatea aspergarria zela, baina, aldi berean, jendeak jende normala nahi zuela lagun bezala. Berari eman zizkioten erantzunak, ordea, ez ziren horrelakoak. Laidak bazuen lagun on bat, jendearentzako oso neska normala zena, baina berak ez zekien ona ala txarra zen hori.

Gaiari hainbeste buelta eman ondoren, eta jadanik erantzunaren bilaketan amore ematen hasia zela, argia ikusi zuen:

- Badakit! Nola ez naiz orain arte konturatu? Normala izatea norberak nahi duen bezalakoa izatea da! Eta niri adibide ezberdinak eman dizkidate nire ingurukoek: amak pertsona ausarta izatea zela esaten zuen, laguntza behar duenean onartu eta eskatzen duena. Anaia zaharrarenarentzat, aldiz, besteek nahi zuten bezalakoa izatea zen, horrela denek onartu eta berarekin ibiliko baitziren. Anaia gazteenak, ordea, normala izatea bera bezalakoa izatea dela esaten zuen: ederra eta alaia. Andreak esaten zuen, normala izatea izateko modua erabat perfektua izatea zela. Amonak, azkenik, normala izatea “aspergarria” izatea zela... hau da, etengabe gauza bera egiten zuen norbait.

Momentu hartan ohartu zen Laida ezberdin pentsatzen dugula denok, eta nahiz eta hitz bakarraren esanahia aurkitzen tematzen garen, erantzun ezberdin asko jasotzeko aukera daukagula. .

Nora Smaali

2019 1   2019 2 2019 3  2019 4   2019 5
   2019 6   2019 7     

 

Beasaingo Ikastolaren Historia

Gurekin harremanetan jartzeko

ANDRAMENDI ELKARKIDETZAN ETA ELKARLANEAN

3.fw.png12.fw.png1.fw.png7.fw.png10.fw.png11.fw.png13.fw.png14.fw.png16.fw.png5.fw.png6.fw.png2.fw.png9.fw.png15.fw.png4.fw.png8.fw.png