Liburu eguna

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

HITZ LAUZ

Ireber arotzenaIreber Arotzena Aranburu / B Maila. 3 sariaKaixo! Ni, Ireber Arotzena Aranburu naiz, izatez
beasaindarra baina Mutiloan bizi naiz.
2004ko maiatzaren 1ean jaio nintzen. Txikitatik, Beasaingo Andramendi Ikastolan ikasi dut, eta gaur egun bertan ari naiz DBHko 3. maila egiten.
Nire zaletasun nagusienak futbola eta marrazketa dira. Alde batetik, futbolean jokatzea eta partidak ikustea asko gustatzen zait, eta are gehiago Errealaren partiduak badira! Bestetik, marrazteak erlaxatu egiten nau, eta nire arazoetan pentsatzeari uzten diot.
Ez naiz oso irakurzalea, baina idaztea gustatzen zait; izan ere, nire ideia, burutazio eta pentsaera adierazteko askatasuna ematen dit. Printzipio hauei jarraituz sortu dut istorio hau, eta ea gustatzen zaizuen!

 

LEHENENGO PAUSOA

Amaiur 17 urteko neska alaia, zintzoa, eta dibertigarria zen, guztiekin atsegina zena. Ikasten zuen ikastetxean nahiko “ospetsua” zen bere mailako nesken futbol taldeko kapitaina zelako, eta baita jokalaririk onena ere!

Edozein modutan, bere eguneroko bizitza gainontzeko neska-mutilek egiten zutenaren antzekoa zela esan zitekeen: goizetan esnatzea kostatzen zitzaion, astelehenak izan ohi ziren berarentzako egunik txarrenak, matematika ikastea ez zitzaion asko gustatzen (nahiz eta orokorrean oso ikasle ona eta saiatua zen), bere betiko lagun-koadrillarekin hainbat plan egiten zituen asteburuetan...

Horrela bada, Amaiur erabat neska normala zen, eta kirolari ona izateagatik jende askoren arreta ere pizten zuen, gainera. Ikasgelan hainbat mutilen gustukoa zen, nahiz eta berak inoiz ez zuen ordura arte sentitu lagun batekiko sentitzen den maitasunaz gain ezer gehiago. Izan ere, futboleko entrenamenduek denbora asko kentzen zioten, eta zurrumurruen arabera, eskualde zein probintzia mailako hainbat futbol-talde bera fitxatzeko interesatuta zeuden; hortaz, Amaiurrek ere bere denbora librean nahiago zuen bere futbol-ibilbidean zentratu, amodio kontuetan galdu baino.

Baina Amaiurrek ez zekiena zen, bere eguneroko errutina laster aldatuko zela...

Astelehen goiz batez, Axunek, gelako tutoreak albiste berri bat eman zien ikasleei, eta egun hartatik aurrera, Helene izeneko klasekide berria izango zutela esan zien. Aurkezpenak eginda, Helene gelara sartu zen eta Amaiur guztiz liluratuta, ahoa bete hortz, gelditu zen.

Helene oso neska ederra den: ile luze horixka zuen, begi berde sakonak, bekain iletsu potoloak eta oso azal argia... Amaiur erabat liluratuta eta lelotuta gelditu zen hari begira, eta segituan konturatu zen, ordura arte ez ziola sekula inorri modu horretan begiratu. Ez zekien zer zen Helenerekiko sentitzen zuena! Maitasuna ote zen? Erakarpena?

Baina Amaiur segituan atera zuen trantzetik Axunek, izan ere, leku-aldaketa egiterakoan Heleneri Amaiurren ondoan esertzeko esan zion. Iritsi berria zela jakinda, Axunek Amaiurri behar zuen informazio eta laguntza guztia emateko eskatu zion, hau da, lagunak aurkezteko, apunteak pasatzeko...

Horrela bada, errekreo orduan elkar ezagutzen hasi ziren. Helenek marraztea eta musika entzutea gustatzen zitzaizkiola esan zion Amaiurri, eta batik bat, futbola zuela gustuko. Antza denez, bere lehengo herrian futbol talde txiki bat zegoen eta bertan jolasten omen zuen, beraz, jakin nahi zuen ea herri hartan ere futbol talderik ba ote zegoen. Amaiurrek, gustu berdintsuak zituztela jakinda, oso pozik, baiezkoa esan zion, eta taldeko kapitaina bera zela ere esan zion; agindu zion gainera nahi zuenean hitz egingo zuela entrenatzailearekin Helene bera taldean sartzeko.

Handik aurrera Helene eta Amaiurren arteko laguntasuna estutuz joan zen: entrenamenduetara batera joaten ziren, etxetik ikastetxera eta ikastetxetik etxera ere bai, Helene Amaiurren kuadrillan sartu zen, asteburuero plan guztiak batera egiten zituzten...

Eta horrekin batera Helenerekiko Amaiurren sentimenduak ere sendotuz zihoazen. Fisikoki erakargarria bazen ere, bere izaerak eta zuen izateko moduak oraindik eta erakargarriago bihurtzen zuen neska hura: jatorra zen, irekia, pentsatzen zuena eta sinesten zuena egiten zuen, baina beti besteak errespetatuz eta besteei entzuten ere bazekien; leiala zen eta oso arduratsua, gainera... Amaiur konturatu zen gauero berari buruz zentzu guztietan pentsatzen zuela, eta azkenerako bere buruan Helene besterik ez zeukala konturatu zen. Garbi zegoen eta Amaiurrek segituan onartu zuen: Helenerekin maiteminduta zegoen.

Berak zer sentitzen zuen argi zeukanez, gurasoei esatea erabaki zuen; izan ere gurasoak ere pixkanaka geroz eta gehiago ari ziren esaten (txantxetan bazen ere) ea Amaiurrek noiz aurkezten zien bikotekideren bat... bada, esan eta egin! Arratsalde batez, egongelan zeudela zuzenean esan zien zer sentitzen zuen Helenerekiko.

Gurasoek, hasiera batean, mamu bat ikusi zutela ziruditen, izan ere aurpegia guztiz zuritu zitzaien! Edozein modutan, segituan erreakzionatu zuten, eta garbi utzi zioten alabari, beraiei ez ziela axola neskekin edo mutilekin ibiltzen zen, bera pozik zegoen bitartean beraiek ere halaxe egongo zirelako. Hala ere, kontuan izanik homosexualitatea gai delikatua dela oraindik ere gizartean, egoera guztiz “normalizatu” arte, publikoki ezer ez esateko aholkatu zioten. Amaiur lur jota utzi zuen erantzun hark, eta nahiko dezepzionatuta logelara joan zen, zeukan errealitate gordinaz kontziente izanda.

Logelan hainbat bira eman zizkion gurasoek esandakoari, eta asko pentsatu ostean ikasgela guztiaren aurrean zer sentitzen zuen aitortzea erabaki zuen. Agian ausartegia zen, baina benetan maiteminduta zegoen eta berak asko errepikatzen zuen esaldiak zihoen bezala, “ez damutu egindako gauzengatik; damutu egin gabeko gauzengatik”, beraz, hori egin zuen. Horri esker, beste edozein egun zirudiena, bere bizitzako egunik onena bilakatu zen.

Ikasgelara iritsi zenean, egunero bezala Helenerekin berriketan aritu zen, normal-normal, baina jakina, oraindik ez zion ezertxo ere aitortu. Axun gelara sartu zenean, bat-batean eta inolako abixurik eman gabe, ordea, bere mahai gainera igo zen. Helene, Axun eta gainontzekoak harrituta gelditu ziren, inork ez baitzekien zer gertatzen zen.

Amaiurrek, gelako guztien arreta bere gain zegoela jakinik, zera aitortu zuen klase guztiaren aurrean:

-Helene, maite zaitut.

Denak isil-isilik gelditu ziren, eta baita Helene bera ere. Gorri-gorri eginda zegoen. Amaiurrek arnasa sakon hartu, eta honelaxe jarraitu zuen:

-Bai, entzun duzuen bezala, Helene maite dut, eta ez adiskide moduan bakarrik. Inoiz ezagutu dudan pertsonarik zintzoena, eskuzabalena eta maitagarriena zara. Beste hainbat ezaugarri on ere badituzu, jakina, baina izendatzen hasiz gero, arratsalde osoa pasa beharko nuke hemen! Eta ezin dut gehiago! Desiatzen nago zu muxukatzeko!

Azken hitz haiek esan ostean sekulako isiltasuna sortu zen gelan. Denak harrituta eta hunkituta zeuden! Amaiurrek ikusi zuenagatik, bati baino gehiagori malkoek ihes ere egin zieten.

Momentu hartan Helenek ez zuela erantzungo zirudien, eta Amaiur jada goibelduta zegoen; pentsamendu asko pasa zitzaizkion burutik: “Eta orain jada nire laguna izan nahi ez badu? Edota ez banaiz bere gustukoa?” Halako batean Helenek erreakzionatu egin zuen! Bere lekutik altxa, mahai gainera igo, eta elkar begiratu ostean, sekulako muxua eman zion ezpainetan.

Denak txaloka hasi ziren, eta baita Axun ere! Muxua emateari utzi ziotenean, bi neskak elkar besarkatu ziren erabat hunkituta. Momentu hura erabat magikoa izan zen, eta ez zuten inoiz ahaztuko ez Amaiurrek, ez Helenek eta ezta gainontzeko ikaskideek ere!

Egun hartatik aurrera pixka bat gehiago “normaldu” zen homosexualitatea Amaiurren inguruan; izan ere, hitzaldi hari esker lortu zuelako benetan barnetik maite zuen pertsonarekin egotea, eta gaiari merezi zuen ikusgarritasuna ematea. Horrela bada, pixkanaka Amaiurrek eta Helenek beraien bidea eraiki zuten, eguneroko arazoei aurre eginez, baina beti elkarrekin.

Azken finean egun hartan gertatu zena ez zen amaiera izan, hasiera baizik; mundu hau aldatzeko hasiera posible bat izan zen ekintza hura, mundu libre baten zati izateko lehenengo pausoa izan zen.

Ireber Arotzena Aranburu


2019 1   2019 2 2019 3  2019 4   2019 5
   2019 6   2019 7       

Beasaingo Ikastolaren Historia

Gurekin harremanetan jartzeko

ANDRAMENDI ELKARKIDETZAN ETA ELKARLANEAN

4.fw.png3.fw.png11.fw.png7.fw.png8.fw.png16.fw.png1.fw.png14.fw.png9.fw.png10.fw.png2.fw.png5.fw.png6.fw.png15.fw.png12.fw.png13.fw.png