BEGIRADA
IZENGOITIA: Pakar
Arloa: PROSA
MAILA: D
Orain hamar urte ezagutu nuen Iker ikastolan. Mutil bizia, ausarta eta ikasle ona izan da beti, nota onak ateratzen dituena. Hamabi urte bete berri ditu, eta Zaldibian bizi da gurasoekin eta bere anai-arrebekin. Ile beltza eta motza eraman izan du beti, eta azken aldian modan dagoen motots moduko bat eramaten du, beti ongi orraztuta. Bere etxeko garajean duen bilarrean jolastea du gustuko; askotan jolasten da familiarekin, eta baita gurekin ere. Gure asteburuetako plana izan ohi da sarritan. Musika ere asko gustatzen zaio, bere itxurarekin bat ez badator ere, eta akordeoia jotzen oso trebea da.
Astelehenero bezala, ikastolako sarreran elkartu gara, berriketan edo kontu-kontari. Iker ordea, ez zegoen gurekin hizketan. Alde batean ikusi dut, bakarrik eta begirada galduarekin. Bi minutu falta ziren atea irekitzeko, eta ez naiz berarengana hurbildu, ez bainaiz ausartu, beharbada bera bezain ausarta ez naizelako horrelako egoeren aurrean, eta bakarrik egon nahiko zuela uste nuelako. Klasea geldi joan da, baina nik Iker nuen buruan eta berari begira pasa ditut minutu asko. Zerbait ezberdina nabaritu diot, begirada galdu izan balu bezala zegoneako, dagoeneko elkar begiratuko eta elkar ikusiko ez bagenu bezala.
Irakasleak liburuak jasotzeko esan digu, errekreora joan behar genuelako. Salto batean jaso dut dena, eta Ikerrengana gerturatu naiz elkarrekin irteteko.
- Kaixo, Iñigo! -esan dit Ikerrek.
- Egun on! -hasperen egin dut-. Asteburua ondo?
- Beno...
- Zerbait gertatu da? -galdetu diot-.
- Atarian eseri eta kontatuko dizut.
Atarian dagoen banku bakarrera joan gara elkarrekin, eta han hasi da drama. Asteburuan bista galtzen hasi dela kontatu dit, koloreen bizitasuna galtzen hasi dela, eta denbora gutxian, telebista ikusteko ere arazoak dituela. Kontatzen ari zen bitartean, ohartu naiz nirekin hizketan ari bazen ere, bere begiradak ez zuela hori erakusten. Hizketan jarraitu du, baina dagoeneko ni shock egoeran nengoen, entzundakoa ezin sinetsiz.
Etxera heldu naizenean, logelara joan naiz zuzenean. Berria ezin onartu eta ordenagailua piztu dut, Interneten saltseatzen hasteko. Ez dut gauza berririk topatzeko esperantzarik, baina horrela hobeto sentitzen naiz, Ikerrengatik zerbait egingo banu bezala.
Hurrengo egunetan, Iker ez da eskolara etorri. Medikuarenean probak eta kontsultak zituela aipatu zidan, eta nik klaseetako apunteak pasako nizkiola esan nion.
Orain hemen nago, ordenagailua piztuta eta apunteak aurrean ditudalarik. Posta elektronikoan sartu naiz, mezu berri bat ireki dut eta mezuari apunteen dokumentua gehitzeko botoiari eman diot. Baina orduan, zalantza sortu zait, ez baitakit ziur momentu honetan irakurtzeko gai izango ote den, edo bere ikusmenak hobera edo txarrera egingo duen. Ordenagailuaren tapa jaitsi, eta mugikorra hartu dut eskuan. Telefonoz deitzeko eta berarekin zuzenean hitz egiteko erabakia hartu dut.
Berehala hartu dit telefonoa eta egia esan, Ikerren ahotsa entzuteak lasaitasuna eta bizipoza transmititu dit. Ordubete inguruz hitz egin dugu telefonoz, eta deia moztu dugunean, berak esandakoari bueltaka, horren alai nola egon litekeen galdetu diot neure buruari. Denbora gutxian itsu geratuko dela esan dit, erabat galduko duela bi begietako bista, eta hala ere baikor somatu dut.
Gau osoa esna pasa dut Ikerri nola lagundu pentsatzen. Burutik pasa zaizkidan mila burutazioetatik batekin geratu naiz, eta jaiki bezain laster, Ikerri deitu diot kontatzeko. Hasieran harrituta sumatu dut, baina berari ere ez zaio aukera txarra iruditu.
Orain hemen gaude biok, Ikerren Zaldibiako garajean. Begiak estalita eta objektu mordoa ditugu aurrean. Beste zentzumenak martxan jarriz, nola “ikusten ditugun” elkarri kontatzen ari gara. Horrela, bista erabat galtzen duenean, ze ezaugarri aipatu behar dizkiodan ikasiko dugu, eta bere begiradak hor jarraituko du. Elkarri begiratuz eta elkarrekin begiratuz.
Kimetz Furundarena