Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

68

Euskal Hezkuntza ereduaren gaia biziki aberatsa da. Nahiz eta badakigun haren deklinabideak lurralde administratiboka eraman beharko direla, eztabaidak Euskal Herria kontuan hartu behar duela uste dugu, Euskal Hezkuntza sistemaz ari bagara bederen. Bateratzen gaituena landuz ditugu urratsak egiten ahalko. Baina beste batzuetan gertatzen den bezala, EAEko berezitasunek gaina hartzen dute, eta beste lurraldeetan ezagutzen ez dugun errealitate batean fokua ezartzen. Kasu honetan publiko/pribatu edo balizko segregazioen gaiek oinarrizko eztabaida batzuk itzalean utzi dituzte.

Ikastoletan, segregaziorik ez dugu egiten. Estatutu aldetik pribatuak bagara ere, halabeharrez izan da, eta gure burua herri eskolatzat dugu. Zentzu horretan laikoak gara, denei irekiak, eta bost ahalak egiten ditugu euskaraz ikasi nahi duen haur bati inoiz ez aterik hesteko. Hau gure oinarrizko printzipioa da, hezkuntza sistemaren bidez transmititu nahi dugun balio bat. Zorigaitzez, herri bakoitz ikastola bat ukanen ez duguno, ezin izango dugu lurralde osoaren aniztasuna bildu.

Bi oztopo nagusi baditugu helburu horren betetzeko. Lehena —betikoa— diruarena da. Ikastolek ez dituzte behar lituzkeen baliabideak doako zerbitzu baten eskaintzeko. Egoitzen inguruko arazo administratiboek, Parisetik lortzen ditugun irakasle dotazio eskasek, eta orokorki daramagun proiektuaren heinean ez diren diru laguntza publikoek behartzen gaituzte gurasoei finantzaketan parte hartzeko eskatzea. Horren aurrean, badakigu gutxirekin egiten eta erosotasuna bigarren mailara pasatzen. Badakigu elkartasunean eta auzolanean aritzen, Ikastolen Elkarteko kideen arteko elkarlaguntzaz eta herritarrek zuzenki ematen diguten laguntzari esker. Badakigu ere taloak saltzen gure eredu ekonomikoa ez dadin gurasoen moltsara mugatu, erratza eta pintzela hartzen ere beharrezkoa delarik. Baina badakigu diruzko ekarpen bat eta engaiamendu militante bat eskatzen diegun puntutik, guraso batzuek ez dutela ikastolaren hautua eginen. Hori baita bigarren oztopo nagusia: gurasoei militantzia eskatzen diegu. Ikastoletan ez dugu zerbitzu bat eskaintzen, zerbitzua elkarrekin eraikitzen dugu. Gurasoak prest behar ditugu kudeaketan, hezkuntzan edo elkarbizitzan parte hartzeko, eta ez dira denak horrelakoak. Horrez gain, behar ditugu guraso batzuk prest direnak gure ametsaren alde borrokatzeko: euskal hezkuntza sistema bat. Haurra eredu horretan hezteko eta berek proiektu horren defendatzeko prest direnak.

Gure lurraldeetan, atzerritik heldu zaizkigun biztanle berriak, izan dadin Aturri iparraldetik edo Mediterraneoaren bestaldetik, ez dira gutizia horrekin heldu. Ez dituzte ez euskara ez Euskal Herria ezagutzen, eta gehiengo batek ez ditu ezagutu nahi ere. Berdin hemengo jatorrizko biztanle batzuekin, ez dute proiektuarekin bat egiten. Horregatik egitura militantea gara, eta egitura militantea izanen, eredu bat haizearen aurka defendatzeko eta hezkuntzaren bidez, pixkanaka, gure helburuak gizarteratzeko. Ipar Euskal Herrian eskola publikoak ez baitu eginen, eta Ikastolen Elkarteko kideok Euskal Herrian egiten dugun bezala, aitzindari rola gure gain hartzen segitu behar baitugu.

EAEn sortu den eztabaida, ikastolak herri ekimena direla eta beraz ekimen publikoak direla ahantziz, egituratze juridikoa eta edukia berdinduz, ez zaigu zuzena iduri. Iparraldean, Hegoaldean bezala, eskola publikoek ere ez dituzte denek publiko berak, eta mistotasuna ez da eskola publiko guztietan segurtatzen. Hori baino larriago, eskola publikoek ez dute euskaraz ikasteko eskubidea bermatzen, eta eztabaida mingarri egin zaigu azken urteotan: ikastolak jo eta su ari gara Iparraldeko eskola publikoen defentsan. Hiriburuko eskola publikoan murgiltze ereduaren alde eraman dugun borrokan, ikastolak lehen lerroan izan dira, Parisi buru eginez, eta tokiko hautetsiak inarrosten. Ikastolak borroka horretan ez bagina sartu, ez dakit lehen bataila hori irabaziko genuenez. Eta urte hastapen honetan berriz ere Parisetik datozen eraso berrien aitzinean ere tinko agertuko gara ikastolak, euskal eskola publikoaren alde.

Ikastolen Elkartea egitura bakarra da zazpi probintzietan presente dena, eta publikoko ordezkari zenbaitek EAEko ikastolak publifikatzea behartu nahi dutelarik, Euskal Herri mailan lan egiten duten hezkuntza egitura bakar horren desegitea, Iparraldeko ikastolak abandonatzea eta lurraldea ukatzea eskatzen dute. Publifikazioak erran nahi baitu, hoberenez, estatuaren mugetan lan egitea, ez bada erkidego bakar batenetan. Paradoxa bat euskal hezkuntza eredu bat aipatzean.

Hezkuntza eredu batek mila irizpide ukan lituzke, eta pedagogia, baliabideak, metodoak, edukia, elkarbizitza eta balioen inguruko eztabaida bakoitza eraman beharrekoa da, baina euskal hezkuntza eredu batek bi zutabe ezinbestekoak ditu: Euskara eta Euskal Herria. Horiek gabe eredu ona izan liteke beharbada, baina ez liteke gurea. Alta, euskal curriculuma, Euskal Herria eta Euskal Herriaren historiaren irakaskuntzari buruz bagenuke zer egin eredu guztietan.

Desafio handi bat badaukagu ere gainditzekoa: mugikortasunarena. Ipar eta Hego Euskal Herriko ikasleak ez dira nahasten, oso gutxik muga zeharkatzen dute hurbil diren ikasketa eskaintzak baliatzeko, edo ondotik, lan egiteko. Arazo administratibo ugari badira horren atzean, pixkanaka gainditzen ari direnak, baina hezkuntza hautuak badira ere. Hizkuntzenak lehenik, ingelesak ez baitu deusetarako balio Baionan edo Gasteizen lan egiteko; balioena bigarrenik, ez baitiegu aski maiz Euskal Herria lurralde gisa aurkezten gure ikasleei.

Hezkuntza ereduak beti asimetrikoak izanen dira, lurralde, sare edo errealitate juridikoen ondorioz. Baina Euskararen eta Euskal Herriaren inguruan eraikiak diren guztiak beti bateragarri edo elkar elikatzaile izanen dira.

Irrati-Telebista

Beasaingo Ikastolaren Historia

Gurekin harremanetan jartzeko

ANDRAMENDI ELKARKIDETZAN ETA ELKARLANEAN

8.fw.png10.fw.png12.fw.png6.fw.png15.fw.png13.fw.png7.fw.png11.fw.png5.fw.png3.fw.png4.fw.png2.fw.png9.fw.png14.fw.png1.fw.png