Gaurko ZUMINean esan bezala, hemen igortzen dizkizuegu IKASTOLAK HERRIARI ekitaldiaren bannerra eta beroni loturiko testua. Testuan bertan agertzen da sarrera eskuratzeko lotura. Bannerra eta zuzenean txartel-lehiatilareko lotura egin nahi baduzue, hauxe da helbidea: https://www.kursaal.eus/eu/agenda/ikastolak-herriari/
KONTUZ! Ordutegia aldatu egin da, martxan jarri diren neurri berriek eraginda bi ordu aurreratu behar izan dugu ekitaldia
TESTUA
IKASTOLAK HERRIARI ekitaldia, azaroaren 13an, Kursaalean
Euskararen eta Euskal Kulturaren bost plaza handi dira ikastolen jaiak. Euskal musikari, kantari, dantzari eta ikuskizunetako hamaika artistaren adierazpenaren erakusleiho erraldoiak. Aurten ezin izan dira egin, baina ikastolek ez dute hutsik utzi nahi izan aurtengo urtea. Horregatik, plaza horietako lagin bat prestatu dute azaroaren 13ko ekitaldian erakusteko.
Anje Duhalde, Pauline eta Juliette, Xabi Solano eta Kimua Dantza Kolektiboa, Nogen taldea, Demode Quartet taldea, Korrontzi eta Oinkari dantza taldea. Horiexek dira azaroaren 13an, Donostiako Kursaal aretoan parte hartuko duten artistak. Musika, kantua eta dantza uztartuko dira ekitaldi honetan eta Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga izango dira aurkezpenaz arduratuko direnak. Arrastaldeko 18:00etan hasiko da ekitaldia.
Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Nafarroa Oinez jaien aurtengo edizioak bertan behera geratu ostean, berauen antolatzaileek, aldez edo moldez, ospakizun xume batzuk egin dituzte jaien urteari amaiera duin bat emateko. Halere, denen artean itxiera orokor bat eman nahi izan diote pandemiaren urte honi, eta horretarako antolatu dute ekitaldi nazional hau.
Beronen bitartez, urtero gure jaietan parte hartzen duten artistei eskerrak eman nahi zaizkie, baita urtero jaiotara etortzen diren herritar guztiei ere. Eta, aldi berean, plaza bat eskaini nahi izan zaio euskal kulturari, urte gogor honetan sektorea bortitz kolpatu baitu pandemiak. Urtero gure jaietan presente diren babesleak ere aintzat hartu ditugu, eta, nola ez, baita jaiak antolatzen ilusioa, lana, elkarlana eta auzolana eskaini duten ikastolen komunitatea ere.
Plaza murriztua da Kursaal ikastolen jaien dimentsioarekin alderatuta. Pandemiaren ondorioz, gainera, murritzagoa izango da, 400 ikuslerentzako lekua egongo baita bakarrik. Baina, era berean, ikastolen jaien babesle den EITBri esker, ekitaldi hau Euskal Herriko etxeetara iritsiko da, azaroaren 21ean emanaldia telebista bitartez emango duelako euskarazko kateak.
Sarrerak salgai
Ikastolak Herriari ekitaldirako sarrera bakoitzak 15 euroko salneurria dauka, eta Kursaal aretoaren webgunearen bitartez eros daitezke. Azken astean, gainera, Kursaaleko txartel-leihatiletan ere erosteko aukera izango da.