Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

 Irati Urdalleta Lete BERRIA 2021eko otsailak 26

berria ikastolen elkarteaIkastolen Elkarteak euskal hezkuntza sistemarako oinarriak proposatu ditu. Besteak beste, ikastetxeei autonomia emateko, euskara ardatz gisa hartzeko eta inklusiboa izateko eskatu du

Biharko euskal hezkuntza sistema gaurtik eraikitzen hasteko proposamen bat egin du Ikastolen Elkarteak. Hain zuzen, endekalogo batean jaso ditu elkartearen iritziz sistema horrek izan behar dituen 11 oinarriak, eta atzo egin zituen publiko, Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartearen Batzar Nagusian. Endekalogoak «publikotasun eredu berri» baten alde egin du, «publiko-herritar harremanean» oinarrituta; euskara ardatz gisa aldarrikatu du, eta hezkidetza eta inklusioa oinarritzat hartu ditu.

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria eta Nekane Artola lehendakariordea hezkuntzak duen garrantziaz aritu dira: «Ikastolok, gure komunitateak, gure lanaren eta jardueraren bidez, hezkuntzak jokatzen duen rola aldarrikatzen dugu, herriaren zerbitzura dagoen tresna bezala, kontziente garelako gizarte baten hezurdura hezkuntzan eraikitzen dela». Horretarako izan behar duten autonomia ere aldarrikatu dute: «Hezkuntzaz ari garenean, 'nolako gizartea nahi dugu etorkizunean?' galderari erantzuten ari gara. Eta hor esaten dugu Europako hezkuntza esparruan Euskal Herriak hezkuntza sistema propioa izateko eta arautzeko eskubidea behar duela». Haien irudiko, euskal erakundeei, hezkuntza komunitateari eta herritarrei soilik dagokie hezkuntzari buruzko erabakiak hartzea.

Hizpide izan dute Eusko Legebiltzarra lantzekoa den hezkuntza legea ere. Lege horren eztabaida «sakona eta mamitsua» izatea nahi du Ikastolen Elkarteak, baina, batez ere, eztabaidarako «giro ona» desio dute: «Lege horretarako gakoa izango da eragile guztiek duten onena ematea, eta elkarrekin ematea». Baina legerako ez ezik, hezkuntza sistema osorako 11 oinarriak ere definitu ditu Ikastolen Elkarteak. Hona endekalogoaren ideia nagusiak:

OINARRIZKO PRINTZIPIOAK

Bost oinarrizko printzipio zehaztu dituzte. Uste dute euskal hezkuntza sistemak unibertsala izan behar duela; euskal herritar orori bermatu behar diola hezkuntzarako eskubidea, eta ez duela bazterketarik egin behar arrazoi ekonomikoengatik, politikoengatik, sozialengatik, jatorriagatik edo sexuari lotutako edozein ezaugarrigatik.

Hizkuntzari begira jarrita, azpimarratu dute euskarak eta euskal kulturak izan behar dutela ardatza. Benetako murgiltze eredua gauzatu behar dela iruditzen zaie, «oraingo hizkuntza ereduak ezartzen dituzten desberdintasunak gaindituta». Horrekin batera, euskal hezkuntza sistemak euskal curriculumetik eraikitakoa izan behar du, elkartearen arabera. Hala zehaztu du: «Oso-osorik, bertatik bertara eraikitako curriculumean oinarritutakoa izan behar du; konpetentzien garapenerako ikasgai zerrenda, metodologia eta kosmobisio propioarekin, eta ebaluazio sistema hezitzailea eta hobekuntzara bideratua izan behar du».

Azkenik, azpimarratu dute Euskal Herria «bere osotasunean» landu behar duela: «Euskal Herriaren lurralde osoak eragingo dio, eta Euskal Herriko hezkuntza sistemetako ikastetxeen arteko lankidetza hitzarmenak bultzatuko ditu».

BALIOAK

Oinarrizko printzipioak ez ezik, euskal hezkuntza sistemak landu behar dituen lau balio ere jaso ditu endekalogoak. Ikastolen Elkarteak nabarmendu du hezkidetzan oinarritu beharko dela sistema, pertsonen arteko berdintasuna «bermatuz eta sustatuz».

Laikotasunean heztearen beharra ere nabarmendu dute: «Sinesmen askatasuna bermatzeko, erlijioak, fede gisa, curriculumetik kanpo utziko ditu, ez bada jakintzaren begirada zientifiko hutsez ekiteko». Gainera, elkartearen arabera, sistemak ezaugarri hauek izatera bideratuko ditu ikasleak: euskaldun «konprometituak» eta eleaniztunak, beren buruarekiko konfiantzadunak, «lankidetzan ikaskideak», erabaki hartzaile «kritikoak», «ekintzaile gogoetatsuak», jokabide «etikodunak», sortzaileak, ikusmira zientifikodunak eta «orekaren zaintzaileak».

Azken balioa, berriz, inklusioa da. Gai horri dagokionez, Ikastolen Elkartearen arabera, horrelakoa izan behar luke euskal hezkuntza sistemak: «Euskal Herrira etortzen direnen jatorrizko izaera errespetatuta, euskal herritar izateko baliabideak eskainiko dizkiena, eta, aldi berean, euren ekarpenak aberastasun gisa ulertuko dituena». Gainera, haien hitzetan, «modu orekatuan» eskolaratu beharko dira jatorri askotariko ikasleak.

ANTOLAKETA

Euskal hezkuntza sistemaren antolakuntza zehaztean, hiru puntu aipatu dituzte. Alde batetik, «gobernantza demokratikotik» antolatu behar dela iruditzen zaie. «Ikasleen, gurasoen nahiz langileen hezkuntza prozesuari dagozkion erabaki komunetan eta erantzukizunen banaketan oinarritua izan behar du».

Bestetik, uste dute ikastetxeei autonomia aitortu behar diela: «Tokian tokiko hezkuntza komunitate bakoitzak bere proiektua eraginkortasunez garatu ahal izateko, ikastetxe bakoitzari lanean ari den errealitatean eragiteko baliabide materialak ziurtatuko dizkio, eta gardentasunez eta autonomiaz giza baliabideak eta materialak kudeatzeko eskumena aitortuko dio».

Azkenik, nabarmendu dute «publiko-herritar» eredutik sortua izan behar dela: «Euskal gizartearen izaera parte hartzaile eta kolektiboan oinarritua izango da, publikotasun eredu berria eraikiko duena, titulartasunari baino gehiago, publiko-herritar harremanari kasu egingo diona». Gainera, Ikastolen Elkartearen arabera, sistema publikoaren partetzat hartu beharko ditu irabazi asmorik gabeko proiektuak, «gizarte ekonomian kokatuak» eta hezkuntzaren arloan ongizate estatuaren «oinarrizko helburuekin» bat egiten dutenak.

Irrati-Telebista

Beasaingo Ikastolaren Historia

Gurekin harremanetan jartzeko

ANDRAMENDI ELKARKIDETZAN ETA ELKARLANEAN

13.fw.png5.fw.png9.fw.png8.fw.png11.fw.png7.fw.png2.fw.png14.fw.png3.fw.png6.fw.png1.fw.png12.fw.png15.fw.png10.fw.png4.fw.png