Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

 

   
Mikele Aldasoro eta Xabier Garagorrik zuzendutako lan taldean 52 profesional eta adituk hartu dute parte.    

EKI proiektua ikasmaterial berri eta berritzailea da. Euskal Curriculuma garatzen du, konpetentzietan oinarrituta eta integrazioaren pedagogiaren bitartez.

Horretarako, Ikaselkarrek, material didaktikoa egin, kaleratu eta banatzeko Ikastolen Elkarteak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten enpresak, euskal curriculuma garatzen duten ikasmaterialak garatu ditu.

   

Euskal Curriculuma bizkar-hezur

2008-09 urteetan Euskal Herriko ikastetxe gehienek elkarrekin eraiki eta onetsi zuten Derrigorrezko Eskolaldirako Euskal Curriculumean oinarritzen da EKI. Azken batean, pertsonaren garapen osoa (norbanako, gizartekide eta izadikide gisa) lortu ahal izateko oinarri sendoak finkatzea bilatzen du; euskal kultur espezifikoaren eta unibertsalaren oinarriak eskuratzea; ondorengo ikasketak egiteko eta lan munduan aritzeko prestatzea; eta bizitza osoan zehar ikasten jarraitzeko prestatzea. EKI proiektua, beraz, Euskal Curriculumaren garapena liratekeen ikasmaterialak dira.

Konpetentzietan oinarrituta dago. Europako zuzentarauek ezarri dute irakaskuntzak konpetentzietan oinarritu behar duela. Dagoeneko ez da nahikoa jakintza akademikoa eskuratzea. Edozein bizitza-egoeratan konpetentea izatea lortu behar du ikasleak; pentsatzen eta ikasten, komunikatzen, elkarrekin bizitzen, norbera izaten eta egiten eta ekiten jakin behar du.

EKI proiektuak lau osagai kurrikular ditu: konpetentziak landuz ikasi eta irakasten da; euskal kultur ibilbidean eta curriculum ofi zialetan oinarritzen da; ikas arlo guztietan prozedura sistematizatuak errazten dira, ikasten eta egiten jakiteko; eta euskara ardatz duen hizkuntzen planteamendu integratua egin da.

EKI material berriok Integrazioaren Pedagogia hautatu dute, irakasleek errazago irakasteko, ikasleek eraginkorrago ikasteko eta gurasoek prozesu horretan esku hartzeko. Egoerei irtenbideak aurkitzen ikasi behar du ikasleak, ikasitakoa egoera berrietan baliatzeko. Benetako egoera esanguratsuen aurrean jarrita, ikasleek egoera horietan behar dituzten baliabideak bilatzen eta erabiltzen ohitu behar dute; irtenbideak aurkitzen saiatu, bakarrik eta lan taldean moldatu, arazoen soluzioa erdietsi eta egoera berrietan ikasi dutena baliatu.

Proiektu aitzindaria da Europan. Izan ere, beste lurraldeetan lehengo ikasmaterialak egokitu egin dituzte konpetentzietan oinarritutako ereduetara. EKI proiektua, berriz, zerotik (baina ez hutsetik) abiatuta egin da, ezaugarri dituen hiru oinarriak (euskal curriculuma, konpetentziak eta integrazioaren pedagogia) aurrera eramateko. Azken batean, XXI. mendeko hezkuntza berritzeko apustu euskalduna da EKI.

   

EKIren edukiak

Bi euskarritan aurkezten da EKI proiektuaren materiala, paperean eta digitalean. Era berean, EKIgunea web orrialdea garatu da, euskarri digitalak biltzen dituen txokoa. Bi euskarriak ez dira banaka aurkezten, elkarren osagarri gisa baizik, ikasleek IKTren konpetentzietan eta ezagutzan sakon dezaten.

DBH1erako prestatutako proiektuaren barruan sei alor jorratzen dira:

-Euskara eta Literatura -Lengua Castellana y Literatura

-English -Matematika

-Gizarte Zientziak

-Naturaren Zientziak.

Unitate didaktikoak jasotzen dituen ikasmaterialaz gain, jarduera fitxak, portafolioa eta lan-koadernoak ere baditu. Ekiguneak, EKI proiektuaren webguneak, euskarri digitalak biltzen ditu: audioak, bideoak, animazioak, irudiak, jarduera osagarriak, konpetentzia digitala lantzeko fitxak eta informazio-testuak.

Nondik dator EKI?

Garai hartako hemerotekari kasu eginez gero, 2011ko maiatzaren 4an, Bilbon bertan, Ikaselkar argitaletxe berriak bere burua aurkeztu zuen ekitaldian, konpromiso zehatzak hartu ziren: hezkuntza alorrerako ikasmateriala ekoiztea Euskal Curriculumetik abiatuta, batetik, eta ikasmaterial berri horien lehen eskaintza 2013ko udaberrian argitaratzea, bestetik.

Esan eta egin. EKI izena daraman proiektua sortu, eraiki, editatu eta ekoitzi ditu Ikaselkar argitaletxeak azken bi urteotan zehar eta aurtengo apirilean lehen ale inprimatuak eta digitalak aurkeztu dizkie Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan ari diren profesionalei.

Euskal Herriko hiru ikastetxe-sare desberdinetako eragileek adostu zuten Euskal Curriculuma du ardatz ikasmaterial berriak. Izan ere, XX. mendearen azken urteetan Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak abian jarri eta XXI. gizaldi honen lehen hamarkadan zehar Euskal Curriculuma aztergai zuen ikerketa-lana egin zen, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak, Kristau Eskola ikastetxeen federazioak eta Sortzen-Ikasbatuaz euskal eskola publikoen elkarteak zuzendari zituela.

2005eko maiatzaren 25ean, Anjeles Iztueta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailburu andereak gidatuta, Bilbon, Derrigorrezko Eskolaldirako Euskal Curriculuma izenburu zuen txosten adostua aurkeztu zen eta Euskalduna Jauregiaren aretoa bete zuen eskola-eragile multzo anitzari adierazi zitzaion.

Ordukoak dira bi konpromiso: bat, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak EAEko curriculum ofi zialaren dekretua txosten adostu haren gainean eraikiko zuela hitz ematea; eta bestea, hiru eskola-sareetako ikastetxeek (ikastolak, kristauak eta publikoak) Oinarrizko euskal curriculum komuna adostu eta beren ikastetxeetan onetsiko zutela saiatzea.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak emandako hitza bete zuen 2007an, curriculum ofi zialaren dekretuaren testua indarrean jarri zuenean, ordurako Tontxu Campos jauna Sailburu zelarik. Eta 2008-09 ikasturtean, hiru sareetako ikastetxeek berea bete zuten.

Irrati-Telebista

Beasaingo Ikastolaren Historia

Gurekin harremanetan jartzeko

Andramendi Irakaskuntza Koop.a kide da: