Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

2.6. PEDAGOGIA

Zailtasun eta ezintasunak gorabehera, matrikulak urtetik urtera hazteak ematen zuen poza zegoen bitarteko, baina horrek aldi berean, ikasleei erantzun jatorra eta era egokian eman beharra zekarren. Bestalde, ordea, herrian zehar zabaltzen ziren berri maxiatzaile “interesaturik” ere ez zen falta, alegia, umeek eguna jolasean eta kantuan pasatzen zutela eta ez zirela behar bezala eskolatzen. Beste ikastetxeetakoek “aritmetikako lau erregela” famatuak bazekizkiten adinean, Ikastolakoek batuketak egiten ere ozta-ozta zekitela alegia...

portada sarriegi1Pedagogia-sistemari dagokionez, lehen urteetan bederen, Elbira Zipitria andereño handiak sortutako edo egokitutako material eta sistemetan oinarritua izan zen19. Andereñoek, (ia irakasle guztiak emakumezkoak baitziren hasieran) arlo horretako ikastaro eta bilera ugari izaten zuten. Material idatzia sortu egin behar izaten zuten argitaraturik ia ezer ez zegoen-eta. Beste trebakuntza batzuetarako materiala berriz, adimena zorroztuz aurkitzen zen: txotxak, orea, margoak, etab. Garai hartako hemengo beste Ikastetxeetan ia ezezagunak ziren materialak eta prozedurak noski.

Kontuan hartzeko beste datu bat, ratioarena da. Beste Ikastetxeetan sardinak latetan bezala (denetan ez bazen ere) 40 edo 50 ume baldin bazebiltzan ikasgela bakoitzean, lehen uneko estutasunak pasa ondoren, Ikastolan 30etik ez pasatzea jarri zen helburu eta horrek garai haietan, aurrerakada izugarria esan nahi zuen, nahiz eta ekonomi arazoak ekarri.

Gero, ibiliak berak egin zuen bidea eta Ikastolak hedatzen joan ahala, euskarazko materiala ez ezik, pedagogia-arloan ordura arte hemengo eskoletan ikusi gabea ere argia ikusten hasi zen, baina horiek geroagoko kontuak dira.

_______________________________________________________________________

19Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco (Auñamendi). Ikastola, 339., 340. eta 341. or.

botoia1

FaLang translation system by Faboba