Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

portada sarriegi1Tartean izan ziren anitz arazo pertsonal eta pertsonen arteko gatazkak alboratuta, honako hauek izan bide ziren gatazka-puntu nagusienak:

1.- Beasaingo Ikastolak titularitatea bere eskuetatik joaten ikusten zuen, berak Erretorea buru zuen parrokia-titularitatea izan arren, Eskualdearen izenean gainetik irents zezakeen ikastetxe-proiektua zegoelako. Bestalde, gurasoen sektore batek, erlijio-hezkuntza ez zuen segurtatua ikusten beste proiektu horretan. Zuzendaria eta Barne Araudia ezinbestekotzat jotzen zituen eta Bailarakoen izena zuen proiektuari ez zion puntu horien zehaztasunik nabaritzen. Irakaslegoari pedagogia-arloaren kudeaketa onartzen zion baina ez zion kudeaketan lehentasunezko lekurik eskaini nahi.

Bestalde, bazekien Eskualde-arloko ikastetxe hori (Lizeoa), nagusiki Beasaingo Ikastolako umez hornitu behar zela. Prest zegoen eskualdeko ikaslegoari erantzuteko, baina ez haren izenean zartagina eskutik uzteko. Bera, aldiz, Batxilergodun Ikastetxearen proiektua lantzen nahiz legeztatze-lanetan azken urteetan ia aritu gabea zen, harik eta 1973-74ko neguan bere printzipioak defendatzeagatik bere burua horretan sartuta aurkitu zen arte.

2.- Eskualde edo Bailararen proiektua defendatuz azaltzen zen Alkartasuna Lizeoko Batzordeak berriz, eskualderako ikastetxe nagusia lortu nahi zuen eta 1971 ingurutik legeztatze, egitasmo-aldaketa eta ikastetxe berriaren proiektua lantzen eskarmentu gehiago zuen. Federazioarekin etenda zegoenez, bere aurreproiektuak aurkezten zituen zuzenean Hezkuntza Ordezkaritzan eta lege--arloko gaiez informatuta zegoen.

Bere helburuak lortzeko, Beasaingo Ikastolaren titularitatea eskuratzea ezinbestekoa zitzaion eta zerabiltzan aurreproiektuetan ez zen zehazten geroko Barne Araudirik ez Zuzendaritzaren ingurukorik eta gai horiek taldeko zuzendaritzaren eta Batzarrek erabaki zezaketenaren baitan uzten zituen. Erlijio-arloan, Elizak esanera zegoela esaten zuen.

Bestalde, irakaslegoak kudeaketan esku hartzeari garrantzi handia ematen zion alde horrek. Eskualdeko Ikastetxe Nagusiaren arazoa konponduz gero, ez zirudien Beasaingo Oinarrizko Ikastolaren etorkizuna hainbeste axola zitzaionik. Alde horrek Gerentearen edo Kudeatzailearen irudia aipatzen zuen. Ordurako jada Goierriko Lanbide Heziketako ikastetxean frogabidean jarritako eginkizuna bestalde Kudeatzailearen hori.

Osoro laburtuta eta murriztuta, horrelamoduzkoa zen giroa (xehetasun guztiak albora utzita noski). Horretan, bi batzordeen etena handia izan zen (erabatekoa eta guztizkoa ez izan arren) eta komunikazio-eten handia izan zen. Tartean bitartekarien batzorde bat ere sortu zen. Alde bakoitzak ikastetxe oso eta handi baten proiektua landu zuen (Erakundetze, Estatutu eta abarrekin).

Elizaren Goi-ordezkariek ere esku hartu zuten gatazkan: Jose Mari Setien Gotzainak, Imanol Aldaregia Artzapezak, Mauro Elizondo Abatak eta On Segundo Dorronsoro Erretoreak nagusiki. Izan ere, legeztatuta, zeuden Ikastola bakarrak, (Beasaingoa eta Lazkaokoa azpi-eskualde honetan eta Ordiziakoa beste azpi-eskualdean) Elizaren babespean baitzeuden. Elizako ordezkariak prest zeuden sortzen zen Kooperatiba edo S.A. edo zena-zelako gurasoen erakundeari titularitatea uzteko eta gerora hala gertatu zen, baina aldez aurretik, gurasoen gehiengoak zuen erlijio-irizpidea errespetatzea eta, batez ere, funtzionamendu-araudi baten bermea eskatzen zituen. 1973an eta 1974an, bai Donostian eta baita Beasainen ere, hainbat bilera egin zituzten Elizaren ordezkariek bi Batzordeetako kideekin, bai banaka eta baita elkartuta nahiz gurasoekin bilduta ere. Horiekiko datu ugari dago, baina hemen ezinezkoa da denak egoki aipatzea.

Bestalde, Ordiziako Ikastolak eta bere azpi-eskualdeak zein paper jokatuko zuten ere ez zegoen guztiz garbi. OHO legeztatze-bidean zuen eta Batxilergora Bailarako Ikastetxera bilduko zen ustea zegoen, baina Batzarrak gero erabakitzen zuenaren arabera uztekotan. Beasaingo Ikastolak aldiz ez zeukan horrelako aukerarik. Behin titularitatea Bailarako ikastetxe handiaren onetan utziz gero, berak ez zeukan gero ezer erabakitzerik, Eskualdeak baizik. Gainera, Bailarako proiektua lantzen ari zirenek, Ikastola Nagusi hori Lazkaoko lurretan egiteko asmoak ere agertu zituzten eta hori Beasaingo Ikastolan oso gaizki sartu zen, ikaslerik gehienak Beasaingoak ziren-eta.

Hainbat bilera, harreman, eta beste izan zen. Literatura ugari da idatzia (gehiena erdaraz). Azkenik, hiruna ordezkariz osatutako Batzorde bat sortu zen gutxieneko puntu batzuetan akordiora iristeko. Idatzi ziren puntu horiek eta ikastetxe berriaren eginkizuna gainean ikusten zenez, 12 laguneko Batzordea aukeratzeko 8na hautagai jarri ziren bi aldeetatik, horrela, gutxienez “alde galtzaileak” ere 4 ordezkari izatea bermatzeko. Onartu zen guztia eta 1974ko ekainaren 18an Usurbe zinean 450 lagun inguruk egindako Batzarrean egin ziren nola--halako bakeak.

botoia1

Beasaingo Ikastolaren Historia

Gurekin harremanetan jartzeko

ANDRAMENDI ELKARKIDETZAN ETA ELKARLANEAN

12.fw.png4.fw.png9.fw.png14.fw.png1.fw.png6.fw.png8.fw.png3.fw.png15.fw.png2.fw.png13.fw.png16.fw.png10.fw.png5.fw.png7.fw.png11.fw.png